Frantziako Tourra
Adierazpenak
Landa: 'Amaierako egunetan freskoago egoteko helburuarekin egin dut prestaketa'
Erredakzioa
Mikel Landa Movistarreko euskal txirrindulariak, 'azken uneraino Tourra irabazteko lehian egotea' du helburu aurtengo Frantziako Tourrean.
-
Mikel Landa. Argazkia: EiTB
Mikel Landa (Movistar Team) azken etapetara "freskoago iristeko" prestaketarekin iritsiko da 2018ko Frantziako Tourrera. Aurten ez du Italiako Giroan parte hartu eta Tourrean izango duen helburua da "podiumean sartzeko borrokan egotea".
"Aurten 30 egunetan lehiatuta iristen naiz, eta guztiz ezberdina da niretzat. Azken bi urteetan Giroa lehiatu ostean joan naiz Tourrea eta sasoi betean iristen zara, sasoi hori mantentzea besterik ez duzu egin behar. Aurten prestaketa progresiboagoa egin dut, eta azken etapetara freskoago iristea espero dut", adierazi du Landak.
Prestaketa mota honekin, "azken egunera arte helburu garrantzitsu bategatik borrokan egotea da helburua" Mikel Landarentzat. "Tourra irabazteko borrokan egotea gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu noraino iristeko gai garen. Iaz podiumetik gertu geratu nintzen eta horrek podiumarekin amestera eramaten nau. Sasoi onean iristen naiz, ilusio handiarekin eta motibatuta", gaineratu du Arabako txirrindulariak.
Landak argi du Chris Froome (Sky) dela "faborito nagusia" eta uste du "Sky talde sendoenetako bat" dela. Hala ere, ez ditu baztertzen Porte, Uran, Bardet edo Nibali bazalako txirrindulariak.
Mikel Movistarreko taldeburua izango da Nairo Quintanarekin batera eta Murgiakoaren ustez, hori ez da arazoa izango; "Nairorekin astebeteko iraupena duten bi lasterketa egin ditut eta ondo ulertu gara. Valverderekin batera ia ez dut korritu, baina oso erraza da berarekin ondo ulertzea. Nairo munduko igotzaile onenetakoa da, eta maldan gora edozein lasterketa hausteko gai da. Valverde, aldiz, edozein motatako etapetan ondo moldatzen da".
"Talde bikaina daramagu, txirrindulari oso onekin eta lehiakorrekin. Lasterketako talderik onenetarikoa daramagu, onena ez bada", adierazi du Mikel Landak.
"Denborarekin buelta gehiago eman dizkiot podiumetik segundo bakarrera geratu izanari"
"Harbidearen etapa aztertu dut, garrantzitsua baitzen galtzada-harriarekin aurretiko kontaktua izatea. Urrun egoteagatik, ez dut izan Alpeetako etapak ikusteko aukerarik, baina ondo ezagutzen dugu ibilbide hori, eta gure zuzendariek erakutsiko digutenarekin ziur nago ez zaigula xehetasunik faltako. Lasterketa hasteko geratzen diren aste hauetan, Pirinioetako etapak ikusiko ditut, batez ere motza den hori, seguro aldeak eragingo dituela eta egun zoro samarra izango dela", gaineratu du Landak Tourreko ibilbidea hizpide izanik.
Murgiarrarentzat "orain arte urte nahiko lasaia izan da". Euskal Herriko Itzulian aritu zen, eta, ondoren, ondo ezagutzen ez zituen Ardenetako klasikoak korritu zituen Valverderekin batera. Horren ostean, Tourra "besterik ez du izan buruan".
Hartara, "20 egun" eman ditu Navacerradako altueran lan egiten, eta gero entrenamendu-karga egitera bueltatu da, "mendate luzeekin eta ordu askorekin, oinarri on bat hartzeko asmoz. Horren ostean, Suitzako Itzulian parte hartu zuen "sasoi-puntua zorrozteko xedearekin".
Azkenik, Movistarreko euskal txirrindulariak azaldu duenez, "Mayo, Zubeldia, Beloki eta gainerakoak" 2003 eta 2004ko Frantziako Tourretan lehiatzen ikusita sortu zitzaion txirrindularitzarako grina. Horrez gain, azaldu du asko gozatu zuela joan zen urtekoan "sona eta aintzatespen handia aitortzen dizun lasterketa delako". Landaren esanetan, Foixeko etapan jabetu zen "zerbait gehiago lortzeko gai" izan zitekeela, eta "konfiantza handia" bereganatu zuela Marseillako erlojupekoan.
"Une hartan ez nion eman garrantzia handirik. Ez nuen nire burua podiumean ikusten, hartara, ez neukan kale egin izanaren sentsaziorik hura lortu ez nuelako. Denborak aurrera egin ahala, baina, bai eman dizikiot buelta gehiago, eta pozarren egon izango nintzatekeen bertan. Pena eta amorrua eman zidan, baina, aldi berean, gehiago motibatu nau lan egiteko eta aurten bertan egoteko", erantsi du Landak. Izan ere, 2017an, Chris Froome eta Rigoberto Uranekin batera podiumean egoteko segundo bakarrera geratu zen.