Frantziako Tourra
Adierazpenak
Nairo Quintana: 'Landa errepidea jateko gogoarekin dator Tourrera'
Erredakzioa
Movistar taldeko txirrindulari kolonbiarraren ustez, 'Froome izango da aurkari gogorrena'. Motibazio handiarekin eta inoiz baino freskoago iristen dela gaineratu du.
-
Nairo Quintana. Argazkia: EFE
Nairo Quintanak (Movistar) adierazi duenez, inoiz baino freskoago eta motibatuago iritsiko da 2018ko Frantziako Tourrera, eta Chris Froome eta Sky taldea ikusten ditu aurkari gogorrenak bezala.
"Helburua Tourra irabaztea da. Falta zaigun lasterketa da, eta beti amestu dugu hori irabaztea. Lehen egunak ondo pasatzea espero dugu, batera lan egin eta aurkariak gainditu ahal izatea", adierazi du Quintanak.
Quintanak badaki aurkari gogorrak izango dituela, baina Chris Froome jotzen du aurkari nagusitzat: "Froome eta Sky izango dira aurkari gogorrenak. Gero, aukera asko dituzten beste txirrindulari batzuk ere badaude. Nibali izango da aurkari gogorrenetako bat. Kontuan hartu beharko dira Porte, Bardet eta Roglic ere".
Aurten beste era batera prestatu du Tourra Quintanak, eta "freskoago eta motibatuago" iritsiko dela esan du. Ontzat ematen ditu denboraldi honetan lortutako emaitzak, eta parte hartutako lasterketetan erlaxatuago ibili dela esan du: "Helburu nagusia Tourrera freskoago iristea zen, eta lortu dugu. Erlaxatuago nago, eta oso motibatuta. Inoiz eraman dugun talde onena eramango dugula uste dut. Ibilbide guztietan ondo moldatzen diren txirrindulariak ditugu. Elkarrekin lan eginez gero, talde perfektua izango gara".
Nairok taldekide izango dituen txirrindularien analisia egin du: "Imanol Erviti oso erne egoten da etapa garrantzitsuetan eta oso baliagarria da, batez ere etapa lauetan. Bennatik ondo ezagutzen du Tourra, eta esperientzia handia du etapa zailetan. Joaquin Rojas ere ondo moldatzen da etapa zailetan, eta esprinterako balio du. Andrey Amador eta Marc Soler oso indartsuak dira. Valverdek esperientzia itzela du. Mikel Landa errepidea jateko gogoarekin doa, eta ziurrenik ondo joango zaizkio gauzak Tour honetan".