Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

Erresuma Batuko Legebiltzarra

Txosten baten arabera, Skyk 'marra etiko bat gainditu zuen' 2012ko Tourrean

AGENTZIAK

Medikuak agindutako botikak errendimendua hobetzeko asmoz erabili izana leporatzen dio Erresuma Batuko Legebiltzarrak Sky taldeari.

  • Wiiggins 2012ko Frantziako Tourreko podiumean, Chris Froome eta Vincenzo Nibali alboan dituela. EFE

    Wiiggins 2012ko Frantziako Tourreko podiumean, Chris Froome eta Vincenzo Nibali alboan dituela. EFE

Erresuma Batuko Legebiltzarraren batzorde batek Tean Sky txirrindularitza taldeari eta Bradley Wiggins bere txirrindulariari "marra etiko bat" gurutzatzea leporatu die; izan ere, batzorde horren aburuz, botika bat erabili zuten lasterketak irabazteko, besteak beste, 2012ko Frantziako Tourra.

Aipatu batzordeak landutako 52 orrialdeko txostenaren arabera (The Guardian egunkariak argitara eman duena), Skyk zenbait botika erabili zituen bere txirrindularien errendimendua hobetzeko eta ez bakarrik osasun-egoerak behartutako tratamenduak jarraitzeko.

Txosten horretan jasotzen denez, Sky taldeak urte hartako Tourrean (zeina lehen aldiz Erresuma Batuko txirrindulari batek irabazi zuen) Dopinaren aurkako Mundu Agentziak (AMA) baimendutako botikak erabili zituen, baina ez osasun-arrazoiengatik, baizik eta errendimenduari mesede egiteko.

"Kortikoesteroide edo triamzinolona zuten substantziak erabili zituzten Bradley Wiggins prestatzeko, baita, ziur asko, Tourra irabazten lagundu zioten beste txirrindulari batzuk prestatzeko ere", dio txostenak. "Horren xedea ez zen mediku-tratamendua gauzatzea, baizik eta lasterketaren aurretik bere pisuarekiko potentzia-ratioa hobetzea", salatu du Legebiltzarrak.

Wigginsek asma dauka eta 2012ko Frantziako itzulia lehiatu aurretik AMAren araudiaren barne dagoen botika hori hartzeko baimena lortu zuen, baina batzordearen iritziz, Skyk ez zuen horretarako erabili eta, horrenbestez, "marra etiko bat" gainditu izana egozten dio. "Jarrera hori profesionaltasunetik kanpo da dago eta ez dauka aitzakiarik", gaineratzen du txostenak.

Sky Taldeak, bere aldetik, errefusatu egin ditu aipatu akusazioak eta Bradley Wigginsek bere desadostasuna agertu du Twitter bidez argitaratu duen ohjar batean.

"Uste dut akusazio horiek nahiko tristeak direla. Jendeari inoiz egin ez dituen gauzak leporatu ahal zaizkio eta gero egiatzat hartzen dira. Erabat baztertzen dut osasun-arrazoirik gabe inolako drogarik erabili izana", azaldu du txirrindulari ohiak sare sozial horretan.