Frantziako Tourra
Haizearen ondorioz
Landa, pozik bosgarren postua berreskuratuta
Agentziak | Erredakzioa
Skyk haize-babesak eragin ditu azken kilometroetan, eta Martin eta Meintjes atzean geratu dira.
Mikel Landa (Sky) pozik agertu da Frantziako Tourraren 16. etaparen amaieran. Arabarrak bosgarren postua berreskuratu du sailkapen orokorrean, bere taldeak azken kilometroetan gogor jo duelako, haize-babesa sortuta eta aurkari batzuk atzean utzita.
"Tentsio une bat igaro dut eta atzean geratu naiz, ez dakit taldean nola sartu naizen ere. Azkenean, dena ondo atera da, eta Dan Martinekin eta sailkapen orokorrean aurkari pare batengandik urruntzea lortu dut", esan du Landak.
Arabarrarentzat, mota honetako etapetan "mundu guztia saiatzen da aldea ateratzen", eta Skyk, "talde indartsua daukanez, erasoan aritzea erabaki du".
Txirrindulariak oso gustuko ditu hurrengo egunetan Alpeetan korrituko diren etapak, "mendate gogor eta luzeak" baitituzte.
"Akaso biharkoa garrantzitsuagoa du, mendate gehiago dituenez leku zabalagoa dagoelako estrategietarako; arriskutsuena izan daiteke", esan du Landak. Ibilbidean falta diren mendateak ikertzen aritu dela aitortu du.