Frantziako Tourra
11. etapa
Bosgarren etapa garaipena Kittelentzat
Erredakzioa
Txirrindulari alemaniarrak Tourraren 11. etapa irabazi du, bigarren garaipena jarraian eta bosgarrena aurtengo edizioan. Sailkapen nagusian Chris Froomek lehen postuari eutsi dio.
Marcel Kittelek (Quick-Step Floors) irabazi du Tourraren 11. etapa. Indartsuena izan da azken metroetan eta garaipena lortu du, bere bosgarrena aurtengo Tourrean. Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez da aldaketarik egon eta Chris Froomek (Sky) lidergoa mantendu du.
Txirrindulari alemaniarrak berriro erakutsi du ez duela aurkaririk esprintetan. Gaur ere aise menderatu ditu Dylan Groenewegen (Lotto Jumbo) eta Edvald Boasson Hagen (Dimension Data).
Eguneko ihesaldia Marco Marcato (UAE), Marciej Bodnar (Bora) eta Frederik Backaert (Wanty) txirrindulariek osatu dute. Ia bost minutuko abantaila izatera iritsi dira, baina esprinterren taldeek kontrolpean izan dute ihesaldia. Marcato eta Backaert helmugarako 24 kilometro falta izan direnean harrapatu dituzte, eta Bodnar bakarrik geratu da lasterketaren buruan. Bora taldeko txirrindularia, ordea, helmugara iristeko 200 metro falta izan direnean harrapatu dute.
Sailkapen nagusian Chris Froomek 18 segundoko abantaila du Fabio Arurekiko (Astana) eta 51 segundo ateratzen dizkio Romain Bardeti (AG2R La Mondiale).