Frantziako Tourra
14. etapa
Cavendishek laugarren etapa garaipena lortu du
Agentziak | Erredakzioa
Britainiarra Alexander Kristoffi eta Peter Sagani gailendu zaizkie esprintean. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik.
Mark Cavendish Dimension Datako txirrindulariak irabazi du Frantziako Tourreko 14. Etapa, esprintean. Orotara, 208 kilometroko ibilbidea egin dute Montélimar eta Villars-Des-Dombes artean. Chris Froomek lider jarraitzen du.
Cavendishek 30. garaipena lortu du Tourrean, eta laugarrena aurtengo edizioan. Guztira, bost ordu, 43 minutu eta 49 segundoko denbora egin du, orduko 36,38 kilometroko batez besteko abiadurarekin. Alexander Kristoff norbegiarra bigarren izan da, eta Peter Sagan eslovakiarra, hirugarren.
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik. Chris Froomek minutu eta 47 segundora du Bauke Mollema (Trek), eta 2:45era Adam Yates (Orica). Nairo Quintana laugarren da 2:59ra eta Alejandro Valverde bosgarren, 3:17ra.
Igandean mendia izango da protagonista berriro, 15. etapan. 160 kilometro egingo dituzte, Bourg-en-Bresse eta Culoz artean.