Frantziako Tourra
19. etapan
Liskarra izan dute Froomek eta Nibalik helmugan
Agentziak | Erredakzioa
"Pentsatzen dudana esan diot", adierazi du Froomek. Erasoa berak matxura izan duenean egitea aurpegiratu dio liderrak Nibaliri. "Hitz gogorrak esan dizkit", onartu du italiarrak.
Vincenzo Nibalik erasoa jo du La Croix de Ferreko gainera iristeko kilometro gutxiren faltan, Chris Froomek arazo mekanikoak izan dituen momentuan. Ondorioz, britainiarra haserre agertu da helmugan Astanako txirrindulariak izandako jarrerarekin.
"Ez da kirolari baten jarrera izan, Frantziako Tourreko espirituaren kontra doa", esan du Froomek. Biek liskar txiki bat izan dute helmugan.
"Bere jarreraz dudan iritzia esan diot", adierazi du Tourreko liderrak. Nibalik, berriz, liskarra onartu du eta Froomek "hitz oso gogorrak" esan dizkiola adierazi du, "ezin ditut esandakoak errepikatu".
Nibalik azaldu duenez, erasoa jo duenean ez du ikusi liderra arazo mekanikoekin zegoenik, baina Froomek ez du bertsio hori sinesten. "Txirrindulari askok esan didatenez, matxura izan dudanean Nibalik atzera begiratu eta eraso egin du (…). Ez nabil esaten lasterketa gelditu egin behar denik, baina bere erasoa nire matxuraren ondorioa izan dela uste dut", esan du Skykoak.