Frantziako Tourra
Analisia
Marrazoak hirukoa osatu du
Mikel Dominguez | EiTB.eus
Ez dago espekulazioetarako tarterik: Froome eta Contador egon ez arren, Nibalirena izan da Tourra, bere hirugarren Handia. Haimar Zubeldiaren erregulartasunak sailkapeneko 8. postua eman dio.
Frantziako Tourra bi hautagai nagusien arteko lehia hasi zen arren, protagonista bakarra izan du: Vincenzo Nibali (Astana). Siziliakoa 2. etapan horiz jantzi zenetik, egun bakarrean ez da lider izan: 9. egunean, Tony Gallopinek (Lotto-Belisol) kendu ziolako maillota. Chris Froome (Sky) eta Alberto Contador (Tinkoff-Saxo) lasterketan egonda ere (britainiarrak 5. etapan erretiratu zen, eta espainiarra 9.ean joan zen etxera), 'Squalo'a jaun eta jabe ibili zen Tourreko ozeanoan.
Italiarrak nagusitasun osoz eskuratu du bere lehenengo Tourra, geratzen zitzaion itzuli handi bakarra. Anquetil, Gimondi, Merckx, Hinault eta Contadorrekin batera, hiru Itzuli Handien klubean sartu da.
Lau garaipen lortu ditu Nibalik, sailkapen orokorraz gain, lasterketako lau momentu ezberdinetan gainera: Ingalaterrako irteera handia, Alpeak, Vosgeak eta Pirinioak. Borroka eta gero eta alde handiagoak irekitzeko erasoa izan dira italiarraren lehiatzeko modu bakarra.
Nibalirekin batera, beste bi txirrindulari agertu dira, poz-pozik, podiumean, eta biak frantziarrak: Jean-Christophe Peraud beteranoa (Ag2r) eta Thibaut Pinot (FDJ), gazterik onena. Romain Bardetekin (Ag2r) batera, seigarrena, Frantziako txirrindularitzak Tourrean galdutakoa berreskuratu duenaren erakusle izan dira. 30 urte pasatu dira Frantziak ez zuela horrelako emaitzarik lortzen, Fignonek eta Hinaultek podiuma elkarrekin batera zapaldu zutenean, lehenengoak 1984ko Tourra irabazi zuenean. Gallopinek, horiz jantzitako egun eta etapa garaipen banarekin, eta Ag2r-La Mondialeren sariak, frantziarren parte-hartze bikaina borobildu dute.
Peter Sagan (Cannondale) berdez jantzi da Parisen, hirugarrenez jarraian, baina ez da guztiz pozik itzuliko etxera. Saria handia da, baina Saganen garaipenerako gosea ezagututa, ez da nahikoa. Tourraren bigarrenik onenak ez du garaipenik eskuratu.
Marcel Kittel (Giant-Shimano) nagusi izan da esprintean: hiru garaipen lehenengo astean, eta Pariseko handia, bera nagusitu dela gogorarazteko. Alexander Kristoffi (Katiuxa) eman zion paso gero (bi garaipen). Andre Greipelek (Lotto-Belisol) Tourraren 6. etapa irabazi zuen, eta Matteo Trentinek (Omega Pharma-Quick Step) garaipen preziatua eskuratu zuen. Mark Cavendishek (Sky) etxera itzuli behar izan zuen, goizegi.
Berriz ere, Tony Martinek (Omega Pharma-Quick Step) munduko espezialistarik onena dela erakutsi du. Ortzadar maillotak handia egin zuen lasterketako erlojupeko bakarrenean, eta gainera, 9. etapa irabazi zuen, bakarrik ihes eginda, garaile atera zen bere buruaren kontrako beste borroka batean.
Euskal Herriko bederatzi txirrindulari
Euskaltel-Euskadi gabeko lehenengo Tourrean, Ion Izagirrek (Movistar) ondo babestu du liderra, nahiz eta Alejandro Valverdek ezin izan duen taldearen lana borobildu. Beste protagonista Mikel Nieve (Sky) izan dugu. Hasieran Richie Porteren alde lan egin behar izan zuen arren, protagonismoa berreskuratu zuen Pirinioetan. Porte eta Froome gainetik kenduta, onenekin egon zen Nieve. Hautacamen gora jotako erasoak ez zuen saririk izan, baina etapako lehiatuenaren saria lortu zuen.
Haimar Zubeldia (Trek) dago guztien gainetik. Liderrik gabe taldean, onenekin egon da beti, eta Top 10ean sartu da berriro, bosgarrenez. Tropeleko euskaldunik onena zortzigarren geratu da.
Rafal Majkari (Tinkoff-Saxo) ere ondo etorri zaio liderrik ez izatea. Contador etxean egonda, eta lasterketarako "prest egon ez" arren, Poloniakoak bi garaipen handi eskuratu ditu mendian, baita mendiko maillota ere. Puritorentzat gehiegizkoa izan da Majka eta Nibaliren bizitasuna aldapan gora.
Lars Boom (Belkin) harbidezko etapa gogorrean, Blel Kadri (Ag2r) eta Michael Rogers (Tinkoff-Saxo) ihesaldian, eta Ramunas Navardauskas (Garmin-Sharp) ausarta izan dira beste garaileak. Guztien gainetik, Siziliako Marrazoa, berriz Frantziakoa izan den Tourrean.