3. etapa: Zornotza-Baiona
Uztailak 3, astelehena
Frantziako Tourraren 3. etaparen profila eta ibilbidea: Zornotza-Baiona (193,5 kilometro)
EITB MEDIA
110. Frantziako Tourraren hirugarren etapa Euskal Herrian jokatuko den hirugarren eta azkena izango da. 193,5 kilometroko ibilbidea du, eta txirrindulariek lau mendate puntuagarri igo beharko dituzte: 3. mailako hiru eta 4. mailako bat.
-
2023ko Tourreko 3. etaparen profila. Argazkia: ©A.S.O.
110. Frantziako Tourra uztailaren 3an ibiliko da azkenengoz Euskal Herrian. Lasterketako hirugarren etapa jokatuko dute egun horretan, astelehenean; etapak 193,5 kilometroko ibilbidea izango du, Zornotzan hasiko da eta Baionan amaitu. Txirrindulariek lau mendate puntuagarri igo beharko dituzte: 3. mailako hiru eta 4. mailako bat.
Mark Cavendish britainiarrak aukera izan lezake Eddy Merckx belgikar mitoarekin duen berdinketa desegiteko; izan ere, biek ala biek 34 etapa garaipena dituzte, Tourrean. Hori bai, baliteke Cavendishek lauagoak diren beste etapa batzuetan izatea burua.
Hala, Tourraren hirugarren etapa Zornotzan hasiko dute parte-hartzaileek. Tropela 13:15ean abiatuko da Bizkaiko udalerri horretatik, eta lehen kilometroak Durangaldean egingo ditu; Iurretan, Durangon eta Abadiñon.
13,8. kilometroan, Trabakua igoko dute txirrindulariek, 3. mailako mendatea, eta Markina-Xemeinera iritsi aurretik gainditu beharko dute. 32,8. kilometroan, aldiz, Merelludi 4. mailako mendatea aurkituko dute. Berriatua, Amoroto, Ispaster, Lekeitio, Mendexa, Berriatua (berriro) eta Ondarroa harrapatuko dituzte ondoren, etaparen ibilbidean; azken horretatik irtenda, 60. kilometroan gutxi gorabehera, Tourra Gipuzkoan sartuko da, aurreko egunean bezala.
Hasteko, Mutrikun ibiliko dira ziklistak, eta Deban, jarraian; bertan, 65,8. kilometroan, jardunaldiko esprint berezia jokatuko dute. Bost kilometroren buruan, 70,9.ean, Itziar igoko dute, 3. mailako mendatea.
Bertatik jaitsitakoan, probak ondorengo udalerriak harrapatuko ditu: Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orio. Igeldo izango da hurrengo jomuga, Donostiatik igaro aurretik. Lapurdirako bidean, aurreko egunean egingo duen moduan, Tourrak Pasaia, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Irun igaroko ditu, Hendaiara heldu baino lehen. Aurretik, 102. kilometroan, parte-hartzaileek Orioko Benta igoko dute; 3. mailakoa, etapako azken mendate puntuagarria.
Azken 50 kilometroetan, tropela Ipar Euskal Herrian barrena ibiliko da. Urruña, Donibane Lohizune, Azkaine, Senpere, Zuraide eta Uztaritze izango dira Tourra jasoko duten hurrengo udalerriak, lasterketa Baionan amaitu baino lehen. Baliteke Lapurdiko hiriburuan esprinta izatea; izan ere, ibilbidea aurreko bi etapetan baino egokiagoa izan liteke horretarako, lehenengo bi egunetan igoera eta jaitsiera gehiago izango baititu.
EITBk zuzenean eta osorik emango du etapa. Emanaldia, eitb.eus-en eta ETB1en, 12:40an hasiko da; hori bai, aurreko bi egunetan bezala, 14:00etatik 15:00etara bitartean, lasterketa ETB2n izango da ikusgai.
Ikusi 2. etaparen profila | Ikusi 4. etaparen profila
ETAPAREN PROFILA
2023ko Frantziako Tourraren 3. etaparen profila. Argazkia: letour.fr.
------------------------------------------
ETAPAREN MAPA
2023ko Frantziako Tourraren 3. etaparen ibilbidea. Argazkia: ©GEOATLAS
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 3. etapa (uztailak 3, astelehena)
Ibilbidea: Zornotza-Baiona
Distantzia: 193,5 km
Irteera ordua: 13:15
Iritsiera ordua: 17:27 (46 km/h) | 17:39 (44 km/h) | 17:51 (42 km/h)
Mendiko saria: Trabakua (3. maila), 13,8. kilometroan; Merelludi (4. maila), 32,8. kilometroan; Itziar (3. maila), 70,9. kilometroan; Orioko Benta (3. maila), 102. kilometroan