Itxi

Txirrindularitza

Flèche Wallone 2025

Pogacarrek irabazi du 2025eko gizonezkoen Flèche Wallonne klasikoa

EITB Media

Esloveniako txirrindularia nagusitu da Belgikako lasterketan, Huyko azken igoeran aurkari guztiak atzean utzita. Kevin Vauquelin izan da bigarren, 10 segundora, eta Thomas Pidcock, hirugarren, 12 segundora. Emakumezkoen lasterketan, Puck Pieterse (Fenix-Deceuninck) nagusitu da.

  • Tadej Pogacar

    Tadej Pogacar, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) irabazi du 2025eko Flèche Wallonne klasikoa. Belgikako lasterketa asteazken honetan, apirilaren 23an, jokatu da, Ciney eta Huy artean, eta 205,1 kilometroko ibilbidea izan du.

Pogacarrek erasoa jo du helmugarako 450 metro falta zirenean, inork ezin izan dio haren erritmoari jarraitu, eta esloveniarrak garaipena bereganatu du, 4 ordu, 50 minutu eta 15 segundoko markarekin. Hala, bada, 2023ko irabazleak iazko Stephen Williams txapeldunaren lekukoa hartu du palmaresean.

Ohorezko postuetarako lehian, Kevin Vauquelin (Arkéa-B & B Hotels) izan da bigarren, 10 segundora, eta Thomas Pidcock (Q36.5 Pro Cycling) hirugarren, 12 segundora. Pidcock baino segundo bat geroago helmugaratu dira Lenny Martinez (Bahrain-Victorious) eta Ben Healy (EF Education-EasyPost), laugarrena eta bosgarrena, hurrenez hurren.

Gugliemi, Schmidt, Desal, Paquot eta Deweirdt izan dira eguneko lehen ihesaldian, baina UAEk, Lidlek eta Q36.5ek kontrolpean izan dituzte. Geroago, Huyko bigarren igoeran txirrindulari batzuk erori egin dira, Skjelmose tartean zela. Hori dela eta, danimarkarra garaipena lortzeko aukerarik gabe geratu da.

Norvegiako hiru ziklista, Dversnes, Leknessund eta Foss, heldu dira tropelarekiko abantailarekin azken txanpara, baina talde nagusiak harrapatu egin ditu amaierarako 7 kilometro falta zirenean.

Garaipena Huyko azken igoeran erabaki da; UAE Emiratesek erritmoa ezarri du tropelean, Pogacarrek erasoa jo eta garaipenak ez dio ihes egin esloveniarrari.

SAILKAPENA:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 4:50:15

2 - VAUQUELIN Kevin (Arkea) +0:10

3 - PIDCOCK Thomas (Q36.5 Pro) +0:12

4 - MARTINEZ Lenny (Bahrain) +0:13

5 - HEALY Ben (EFE) d. b.

6 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) +0:16

7 - GREGOIRE Romain (Groupama) d. b.

8 - NYS Thibau (Lidl) d. b.

9 - EVENEPOEL Remco (Soudal) d. b.

10 - SCHMID Mauro (Jayco) +0:19

Puck Pietersek irabazi du emakumezkoen lasterketa

Halaber, emakumezkoen Flèche Wallonne klasikoan, Puck Pieterse Fenix-Deceuninck taldeko herbeheretarra gailendu da. Demi Vollering (FDJ-Suez) bigarren sailkatu da, eta Elisa Longo Borghinik (UAE) eskuratu du podiumeko hirugarren postua. Aurreikusita zegoen lasterketa Huyko Harresian erabakiko zela, eta horrela jazo da; igoera horretan, Pieterse izan da indartsuena.

SAILKAPENA:

1 - PIETERSE Puck (Fenix) 3:53:25

2 - VOLLERING Demi (FDJ) + 0:02

3 - LONGO BORGHINI Elisa (UAE) + 0:06

4 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) d. b.

5 - LIPPERT Liane (Movistar) + 0:11

6 - (LE COURT) PIENAAR Kimberley (AG Insurance) + 0:14

7 - LABOUS Juliette (FDJ) d. b.

8 - VINKE Nienke (Picnic) d. b.

9 - FISHER-BLACK Niamh (Lidl) + 0:20

10 - GEURTS Mijntje (Visma) d. b.