Txirrindularitza
Erretiroa hartuko du
Omar Frailek txirrindularitza utziko du Espainiako Vueltaren ostean
EITB Media
Santurtziko ziklistak amaiera emango dio bere ibilbide profesionalari. Hamahiru urte eman ditu maila gorenean, eta 2025eko abenduan hartuko du erretiroa.


Omar Frailek erretiroa hartuko du Espainiako Vuelta amaitu ostean. Horixe jakinarazi du Santurtziko txirrindulariak, sare sozialetan publikatutako bideo baten bidez.
Egun INEOS Grenadiers taldeko txirrindularia da, eta ibilbide zabala du. Seguros Bilbao taldean zeresana eman zuen Amateur mailan eta 2012an Orbea Continental taldera joan zen. Urtebete geroago, 2013an Euskaltel-Euskadik fitxatu zuen, baina taldean aldaketak egin zituzten, eta Caja Ruralen amaitu zuen. 2016tik 2017ra arte Dimension Datako txirrindularia izan zen; ondoren, Astana taldera joan zen, eta han hiru urte (2018-2021) eman zituen. Azkenik, 2022tik INEOS Grenadiersen ibili da.
Palmaresari dagokionez, Frailek Euskal Herriko Itzuliko tarteko helmugetako maillota bereganatu zuen 2014an. 2015ean Apeninoetako Giroan garaipena eskuratu zuen, eta etapa bat irabazi zuen Dunkerkeko Lau Egunetan. Urte hartan, Espainiako Vueltako mendiko sailkapeneko onena izan zen. Urtebete geroago, 2016an, berriz bereganatu zuen Espainiako Vueltako mendiko maillota eta Italiako Giroan estreinakoz lehiatu zen.
2017an Italiako Giroko 11. etapa irabazi zuen. Bere ibilbideko garaipen handiena 2018an lortu zuen, Frantziako Tourreko Menden amaitutako etapa irabazita. 2021ean errepideko txirrindularitzako Espainiako txapelduna izan zen, eta 2023ko Andaluziako Itzuliko lehen etapako irabazlea izan zen.