Itxi

Txirrindularitza

6. etapa

Quinn Simmonsek irabazi du haizeagatik murriztutako etapa, eta sailkapen nagusia Bartzelonan erabakiko da

EITB MEDIA

Txirrindulari estatubatuarrak (LIDL-Trek) 25 kilometroko etapa irabazi du Bergan, haize-bolada gogorrek etapa murriztea eragin baitute. Beraz, probaren irabazlea igandean erabakiko da, Bartzelonan.

  • Quin Simmons podiumean

    Quin Simmons podiumean Argazkia: EFE

Quinn Simmons estatubatuarrak (LIDL Trek) irabazi du Kataluniako Itzuliko seigarren etapa. Ibilbidea hiru aldiz aldatu dute haizeagatik, eta, beraz, Juan Ayuso (UAE) espainiarra buru duen probako irabazlea igande honetan Bartzelonan jokatuko den zazpigarren eta azken jardunaldian erabakiko da.

Mendiko etapa izan behar zuena etapa "nagusi" gisa agertzen zen ibilbide-orrian, baina eguraldiak planak aldarazi ditu, eta, gainera, txirrindulari askoren eta Voltaren antolatzaileen arteko ika-mika sortu da, Ruben Peris zuzendari nagusia buru zela.

Txirrindularien esanetan, etaparen hasiera gehiago atzeratzeak beste atzerapen bat ekarriko zuen talde bakoitzaren materiala zazpigarren eta azken etaparen abiapuntura eramateko, iganderako. Beraz, azkenean, irteera eman dute, baina ibilbidean zehar buelta bakarra emango zutela erabaki dute.

Bergan kokatutako helmugara heldu aurretik, Simmonsek azken kilometroan egin du eraso, eta bera nagusitu da. Etapak 73 kilometro izan ditu, baina 48 neutralizatu egin dituzte; beraz, 25 kilometro lehiatu dira. Gainera, lehen hiru postuetako hobariak kendu dituzte, eta helmugarako 5 kilometrora gelditu dute denbora. Ondorioz, Ayusok jarraitzen du sailkapen nagusiko buru, Primoz Roglicek segundo batera duela.

Etapako sailkapena

1 - SIMMONS Quinn (Lidl-Trek) 0:25:04

2 - BITTNER Pavel (Picnic PostNL) d. b.

3 - STRONG Corbin (Israel) d. b.

4 - FOLDAGER Anders (Jayco AlUla) d. b.

5 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) d. b.

6 - VERNON Ethan (Israel) d. b.

7 - VENDRAME Andrea (AG2R ) d. b.

8 - GODON Dorian (AG2R) d. b.

9 - LAURANCE Axel (INEOS) d. b.

10 - MIQUEL Pau (Kern Pharma) d. b.

Sailkapen orokorra

1 - AYUSO Juan (UAE) 22:48:07

2 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 0:01

3 - MAS Enric (Movistar) + 0:21

4 - LANDA Mikel (Soudal) + 0:22

5 - MARTINEZ Lenny (Bahrain) + 0:28

6 - LECERF Junior (Soudal) + 0:59

7 - BERNAL Egan (INEOS) d. b.

8 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) +1:10

9 - YATES Simon (VismaLotto) + 1:14

10 - CARAPAZ Richard (EF Education) +1:27