Txirrindularitza
2. etapa
Ethan Vernonek irabazi du Figuereseko esprinta, eta Matthew Brennanek lider jarraitzen du Kataluniako Itzulian
EITB MEDIA
Israel-Premier Tech taldeko britainiarra izan da azkarrena 104. Kataluniako Itzuliko bigarren etapan, sailkapen nagusian, ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan.
-
Vernonek bikain irabazi du esprinta, Figueresen. Argazkia: EFE.
Israel-Premier Tech taldeko Ethan Vernon txirrindulari britainiarrak 2025eko Kataluniako Itzuliko bigarren etapa irabazi du, esprintean, Figueresen, asteartean; sailkapen nagusian, Matthew Brennan Visma-Lease a Bike taldeko ziklistak, britainiarra bera ere, lehen postuari eutsi dio, aurreneko egunean garaipena eskuratuta eta asteartean bigarren postua lortuta. Sailkapen nagusi horretan, ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan.
Vernon izan da onena Gironako hirian jokatutako esprintean, lasterketako 104. Ekitaldian mendiko etapak hasi aurretik; izan ere, asteazkeneko jardunaldian La Molina eski estazioan amaituko da. Aurretik, euskal taldeak, berriro ere, eguneko ihesaldian sartu dira; hain zuzen ere, Euskaltel-Euskadiko Danny van der Tuuk, Kern Pharmako Diego Uriarte eta Caja Rural-Seguros RGAko Calum Johnston ibili dira ihes eginda. Gehienez, hiru minutuko abantaila lortu dute, baina tropelak helmugarako 70 bat kilometro gelditzen zirela harrapatu ditu. Hori bai, Van der Tuuk mendiko sailkapeneko liderra da.
Horrenbestez, Ethan Vernon bigarrenez nagusitu da Kataluniako Itzulian, 2022an ere irabazi baitzuen beste etapa bat, orduan Vilanova i la Geltrun.
Etapako sailkapena
1 - VERNON Ethan (Israel) 4:16:16
2 - BRENNAN Matthew (Visma) d. b.
3 - GROVES Kaden (Alpecin) d. b.
4 - LAURANCE Axel (INEOS) d. b.
5 - BITTNER Pavel (Picnic) d. b.
6 - GODON Dorian (Decathlon) d. b.
7 - VAN DEN BERG Marijn (EF Education) d. b.
8 - ANIOLKOWSKI Stanislaw (Cofidis) d. b.
9 - SMITH Dion (Intermarche) d. b.
10 - FOLDAGER Anders (Jayco) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - BRENNAN Matthew 8:41:17
2 - GROVES Kaden (Alpecin) + 0:06
3 - DEL GROSSO Tibor (Alpecin) + 0:12
4 - MAS Enric (Movistar) + 0:13
5 - AYUSO Juan (UAE) m. t.
6 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 0:15
7 - GODON Dorian (Decathlon) + 0:16
8 - VENDRAME Andrea (Decathlon) d. b.
9 - LECERF Junior (Soudal) d. b.
10 - BITTNER Pavel (Picnic) d. b.
18 - LANDA Mikel (Soudal) d. b.
Caleb Ewan gailendu da Coppi eta Bartali Nazioarteko Asteko lehen etapan, eta aurreneko liderra da
Halaber, Italian, Coppi eta Bartali Nazioarteko Asteko lehen etapa jokatu dute, eta Caleb Ewan INEOS Grenadiers taldeko txirrindulari australiarrak irabazi du, esprintean; hala, sailkapen nagusiko lehenengo liderra da.