Itxi

Txirrindularitza

MILAN - SAN REMO

Mathieu van der Poelek eta Lorena Wiebesek irabazi dute Milan-San Remo lasterketa

EITB Media

Mathieu van der Poel herbeheretarrak denboraldiko lehen "monumentua" irabazi du, Filippo Ganna italiarra eta Tadej Pogacar esloveniarra esprintean menderatuta. Emakumezkoen lasterketaren lehen edizioan, berriz, Lorena Wiebes herbeheretarra nagusitu da, esprintean.

  • Mathieu van der Poel eta Lorena Wiebes helmugara iritsi direnean

    Mathieu van der Poel eta Lorena Wiebes helmugara iritsi direnean Argazkia: EFE

Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du larunbat honetan Milan-San Remo klasikoaren 116. edizioa. 2025eko lehen "monumentua" 289 kilometroko ibilbidean jokatu dute, Pavia eta San Remo artean, eta munduko txapeldunak Filippo Ganna italiarra (INEOS Grenadiers) eta Tadej Pogacar esloveniarra (UAE Team Emirates XRG) gainditu ditu esprintean, ordena horretan sartu baitira helmugan.

Pogacarrek faboritoen taldetik ihes egin du Cipressako igoeran, helmugatik 25 kilometrora, eta berarekin batera joan dira Van der Poel eta Ganna. Poggioko igoeran, baina, Raymond Poulidorren ilobak bakarrik jarraitu dio esloveniarrari.

Hala ere, hirurak helmugarako kilometro batera elkartu dira berriro, Pogacarrek gaizki kudeatu du esprinta, eta Van der Poelek, indar-erakustaldia emanda, klasikoa irabazi du, 2023an bezala.

Horrela, Alpecin-Deceuninck taldearen hirugarren garaipena jarraian lortu du, bere taldekidea den Jasper Philipsen belgikarraren lekukoa hartuz.

SAILKAPENA

1- VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) 6:22:53

2- GANNA Filippo (INEOS) d. b.

3- POGACAR Tadej (UAE) d. b.

4- MATTHEWS Michael (Jayco AlUla) +0:43

5- GROVES Kaden (Alpecin) d. b.

6- CORT Magnus (Uno-X Mobility) d. b.

7- PEDERSEN Mads (Lidl - Trek) d. b.

8- KOOIJ Olav (Visma) d. b.

9- TRENTIN Matteo (Tudor Pro Cycling) d. b.

10- WRIGHT Fred (Bahrain) d. b.

Emakumezkoen Milan-San Remo lasterketa

Lorena Wiebes herbeheretarrak irabazi du emakumezkoen Milan-San Remo lasterketaren lehen edizioa.

Wiebesek 3 ordu 43 minutu eta 32 segundo behar izan ditu 156 kilometroko ibilbidea osatzeko, eta talde nagusiko azkarrena izan da, Marianne Vos (Visma) herrikidearekin batera iritsi ondoren.

Herbeheretarrak Lotte Kopecky taldekidearen babes erabakigarria izan du Elisa Longo Borghini italiarrak (UAE ADQ) egin duen erasoa neutralizatzeko. Azken metroetan erakutsitako indarrak urteko bosgarren garaipena eman dio, Arabiar Emirerri Batuetako Tourrean hiru etapa eta Belgikako Le Samyn klasikoa ere irabazi baititu.

Wiebes eta Vosen atzetik, Noemi Ruegg suitzarra (EF Education Oatly) iritsi da helmugara, Pauline Ferrand-Prevot frantziarraren (Visma) eta Demi Vollering herbeheretarraren aurretik.

SAILKAPENA

1- WIEBES Lorena (SD Worx)  3:43:32

2- VOS Marianne (Visma) d. b.

3- RÜEGG Noemi (EF Education) d. b.

4- VOLLERING Demi (FDJ-SUEZ) d. b.

5- PIENAAR Kimberley (Soudal) d. b.

6- DYGERT Chloe (CANYON) d. b.

7- BALSAMO Elisa (Lidl-Trek) d. b.

8- LABOUS Juliette (FDJ-SUEZ) d. b.

9- KOPECKY Lotte ( SD Worx) d. b.

10- PIETERSE Puck (Fenix) d. b.