Itxi

Txirrindularitza

Denboraldi berria

Euskaltelek UCI World Tourren mantentzeko egitasmoa aurkeztu du

Erredakzioa

Txirrindulari atzerritarrek "UCI puntuak bilduko" dituztela eta "klasiketan eta esprintetan kalitatea ekarriko" dutela adierazi du Igor Gonzalez de Galdeano manager nagusiak.

01:26
Euskaltelek denboraldi berrirako taldea aurkeztu du
"Etxeko lanak egin" dituela uste du Igor Gonzalez de Galdeano Euskalteleko manager nagusiak eta, ondorioz, talde laranjak 2013 denboraldian UCI World Tourren jarraituko duela gaineratu du.

Euskal taldearen "bigarren zikloa" aurkeztu du Galdeanok Euskalteleko egoitzan, Derion (Bizkaia). Miguel Madariaga eta Euskadi Txirrindularitza Fundazioaren babesa galdu ditu talde laranjak.

Galdeanok azaldu duenez, egitasmo berrian "helburua lehen unetik argi zegoen: euskal talde bat izatea munduko ligarik onenean". Horretarako, Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren (UCI) eskakizunetara moldatu behar izan direla erantsi du, "globalizazioaren bidera", alegia.

Horregatik, UCI World Tourren izatea bermatzeko puntuazioa lortzeko Euskaltelek zortzi txirrindulari fitxatu ditu, baina orain arteko irizpideak bazterrean utziz.

Atzerritarrak

Horrela, 29 txirrindularien artean Ricardo Mestre (1983) portugaldarra, Tarik Chaoufi (1986) marokoarra, Ioannis Tamouridis (1980) greziarra, Alexander Serebryakov (1987) errusiarra, Jure Kocjan (1984) eta Robert Vrecer (1980) esloveniarrak, eta Andre Schulze (1974) eta Steffen Radochla (1978) alemaniarrak izango dira.

Galdeanoren hitzetan, "UCI puntuak biltzen dituzten txirrindulariak dira" eta talde laranjaren "puntu ahuletan kalitatea ekarriko" dute, "klasiketan eta esprintetan", alegia.

Fitxaketa gehiago

Zortzi txirrindulari atzerritar horiekin batera, Jon Aberasturi (Orbea), Garikoitz Bravo (Caja Rural) eta Juan Jose Lobato (Andalucia) gazteak heldu dira.

Horrela, talde laranja Samuel Sanchez, Igor Anton, Mikel Nieve, Gorka eta Ion Izagirre, Sicard, Landa, Pello Bilbao, Mikel Astarloza, Jorge Azanza, Ricardo Garcia, Egoi Martinez, Miguel Minguez, Juanjo Oroz, Ruben Perez, Adrián Saez de Arregi, Pablo Urtasun, Gorka Verdugo, Romain Sicard, Pablo Urtasun, Jon Aberasturi, Garikoitz Bravo, Juanjo Lobato, Tarik Chaoufi, Jure Kocjan, Ricardo Mestre, Steffen Radochla, Andre Schulze, Alexander Serebryakov, Ioannis Tamoruridis eta Robert Vrecer txirrindulariek osatuko dute.