Txirrindularitza
Dopina
UCIk Armstrongi Frantziako zazpi Tourrak kendu dizkio
Erredakzioa
Horrela, Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziaren txostena ontzat eman du.
Lance Armstrong txirrindulariari biziarteko zigorra eta Frantziako zazpi Tourrak kentzea erabaki du gaur Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak (UCI). Horrela, UCIk AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziaren (USADA) txostena ontzat eman du. Armstrongi dopina praktikatzea eta taldekideak gauza bera egitera bultzatzea leporatzen dio txostenak.
"Kirol Epaitegiaren aurrean (TAS) apelaziorik aurkeztuko ez dugula eta USADAk ezarritako zigorra onartu dugula baieztatzen du. UCIk Armstrong lehiatzea debekatuko du eta Frantziako zazpi Tourrak kenduko dizkio. Lance Armstrongek ez du lekurik txirrindularitzan", azaldu du Pat McQuaid UCIko presidenteak.
"Txirrindularitzarentzako egun erabakigarria da. USADAren txostena onartzeko asko sufritu du txirrindularitzak", adierazi du McQuaidek. Hala ere, "txirrindularitzak etorkizuna du", erantsi du.
Bidegurutzea
"Txirrindularitza bidegurutzean dagoen aurrenekoa aldia ez da, eta iragana aurrez aurre jarri behar izan du lehenago ere", azaldu du UCIko presidenteak. "Aurrera egiteko bide berri bat" aurkituko duela agindu die McQuaidek txirrindularitzaren jarraitzaileei.
Frantziako Tourra UCIren erabakiaren zain zegoen, Armstrongen izena zazpi Tourretatik kentzeko (1999-2005).
Armstrongi zazpi Tourrak kentzeko erabakia hartuz gero zazpi irabazle berri izendatuko ez zituztela esan zuen Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendariak orain dela gutxi.