Txirrindularitza
Iragarpena
Laboral Kutxak Yuliia Biriukova eta Yanina Kuskova fitxatu ditu
EITB MEDIA
Biriukovak denboraldi baterako sinatu du, 2025erako, eta Kuskovak, berriz, hurrengo bi sasoietarako. Euskal Herriko taldeak 14 txirrindulariko multzoa osatu du 2025erako.
-
Yuliia Biriukova eta Yanina Kuskova, Laboral Kutxako fitxaketak
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak Yuliia Biriukova (1998, Lviv, Ukraina) eta Yanina Kuskova (2001, Uzbekistan) fitxatu dituela baieztatu du astelehen honetan, eta datorren urteko multzoa osatu du. Biriukovak denboraldi baterako sinatu du, 2025erako, eta Kuskovak, berriz, bi urterako, 2025erako eta 2026rako.
Biriukovak WorldTour mailako Human Powered Health taldean egon da azken urtean, eta heldutasuna zein eskarmentua ematera dator, 2019tik profesionala baita. Aurten, bigarren izan zen Almeriako Klasikoan, erlojupeko Ukrainako Txapelketa irabazteaz gain. Olinpiar Jokoetan eta Munduko eta Europako Txapelketan ere lehiatu zen. 2023an, hirugarren izan zen Eibar Hiriko Sari Nagusian eta 2022an Thüringen Ladies Tour ospetsuan etapa bat irabazi zuen.
Yuliia Biriukovak honako hau adierazi du: "Oso pozik nago Laboral Kutxan aritzeagatik hurrengo urtean. Taldea hazten ikusi dut, eta espero dut elkarrekin askoz gehiago egin eta lortu ahal izatea. Saio eta itzuli menditsuak ditut gustuko. Horregatik, mendateetan dudan indarra handitzea espero dut, eta sailkapen nagusietan ere hobetu nahi dut".
Kuskova, bestetik, etorkizun handiko txirrindularia da, eta taldeak maila ederra duela iragarri du. Europako txirrindularitzara jauzia emango du Laboral Kutxaren eskutik, azken hiru denboraldietan bere herrialdeko Tashkent City Women Professional Cycling Team taldean lehiatu baita. 2024an, Asiako erlojupeko txapeldunorde izan zen eta Olinpiar Jokoak, Munduko Txapelketa, Italiako Giroa eta Frantziako Tourra lehiatu zituen.
Yanina Kuskovaren esanetan, "nire bizitzako unerik onenetakoa da. Oso pozik nago eta ezin dut sinetsi talde honetako kide naizela. Txirrindularitza-ibilbidean Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearekin aurrera egiteko unea zen".
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak 14 txirrindulariko taldea itxi du 2025erako: Naia Amondarain (berritzea), Alice Maria Arzuffi (fitxaketa), Yuliia Biriukova (fitxaketa), Idoia Eraso, Arianna Fidanza (fitxaketa), Yanina Kuskova (fitxaketa), Usoa Ostolaza (luzapena), Ane Santesteban, Debora Silvestri (berritzea), Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo.
Yurani Blanco, Jessenia Meneses, Lourdes Oyarbide, Nadia Quagliotto, Marta Romeu, Aileen Schweikart eta Eri Yonamine txirrindulariek ez dute jarraituko.