Itxi

Txirrindularitza

Kontratu berritzea

Tadej Pogacarrek kontratua berritu du UAE Emirates taldearekin 2030era arte

EITB Media

Txirrindulari esloveniarrak beste sei urtez jarraituko du Arabiar Emirerri Batuetako taldean.

  • Tadej Pogacar

    Tadej Pogacar, podiumean, Munduko Txapelketa irabazi ostean. Argazkia: EFE

Tadej Pogacarrek kontratua berritu du UAE Emirates taldearekin 2030era arte. Hala jakinarazi du Arabiar Emirerri Batuetako taldeak urriaren 24an publikatutako komunikatu baten bidez.

Taldera batu zenetik, Pogacarrek 88 garaipen lortu ditu sailkapen orokorrak, etapakako lasterketak eta egun bakarreko klasikoak kontuan hartuta. Esloveniarrak mota guztietako lasterketetan erakutsi du txirrindularitzarako duen gaitasuna.

2024ko UCI World Tourreko Txirrindulari Onenaren saria jaso du laugarrenez jarraian, duela gutxi. 2024a urte bikaina izan da Pogacarrentzat: Frantziako Tourra eta Italiako Giroa irabazi ditu, baita Strade Bianche, Lieja-Bastogne-Lieja eta Il Lombardia klasikoak, aipagarrienak azpimarratzearren.Gainera, 2024ko errepideko txirrindularitzako munduko txapelduna ere bada.

58 egunez ibili da lehian 2024 sasoian eta 25 garaipen bereganatu ditu; hala, bada, profesional mailako txirrindularitzan inoiz ikusi ez den errekorra ezarri du.

Kontratua berrituta, pozik azaldu da Tadej Pogacar: "Oso harro nago UAE Emiratesen jarraituko dudalako. Talde hau nire etxea izan da azken bost urteetan eta ez naiz beste inon ikusten. Nire ibilbideko unerik onenak UAE Emiratesen izan dira, eta lorpen guztiak langileei, zuzendaritzari, taldekideei eta bazkide guztiei esker eskuratu ditut. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko irrikaz nago. Talde honek garaipenengatik borrokatzeko aukerarik onena ematen dit eta horixe da egin nahi dudana".