Itxi

Txirrindularitza

Munduko Txapelketa 2024

Paula Ostiz bigarren izan da Munduko Txapelketako junior mailako errepideko lasterketan

EITB Media

Nafarroako txirrindulariak zilarrezko domina eskuratu du Munduko Txapelketako errepideko proban, junior mailan. Hiru txirrindulariren arteko esprintean, bigarren izan da Ostiz. Cat Ferguson da munduko txapelduna.

0:35
Paula Ostiz

Paula Ostiz bigarren izan da txirrindularitzako Munduko Txapelketako junior mailako errepideko proban. Hiru ziklisten arteko esprintean erabaki da lasterketa, eta azken metroetan Cat Ferguson izan da onena. Viktoria Chladodovak amaitu du hirugarren postuan.

Errepideko proba Usterren hasi eta Zurichen amaitu da. Suitzako bi hirien arteko 73,5 kilometroko ibilbideari egion diote aurre txirrindulariek.

Helmugarako 35 kilometro falta zirenean, zortzi txirrindularik osatutako taldeak egin du aurrera. Han izan da Paula Ostiz, Celia Gery, Cat Ferguson, Megan Arens, Kamilla Aasebo, Eleonora La Bella, Giada Sillo eta Lara Liehner ziklistekin batera. Pixka bat geroago, eraso askoren ostean, amaierarako 27 kilometro falta zirenean, Fergusonek jo du erasoa. Ostiz eta Viktoria Chladonova izan dira britainiarraren erritmoari jarraitzeko gai izan diren bakarrak, eta hirukotea geratu da lasterketa buruan.

Atzetik zituzten aurkariekiko abantaila handitu du hirukoteak azken kilometroetan eta euren artean erabaki da garaipena. Hiruren arteko esprintean, Ferguson nagusitu da, Ostiz izan da bigarren eta Chladonova hirugarren.

Ayala Serrano eta Irati Aranguren euskal txirrindulariak 52. eta 70. postuetan amaitu dute, hurrenez hurren.

Sailkapena:

1 - FERGUSON Cat (Britainia Handia) 1:54:48
2 - OSTIZ Paula (Euskal Herria) d. b.
3 - CHLADONOVÁ Viktória (Eslovakia) d. b.
4 - ARENS Megan (Herbehereak) +0:09
5 - GERY Celia (Frantzia) +0:53
6 - WOLFF Imogen (Britainia Handia) +1:26
7 - AASEBØ Kamilla (Norvegia) d. b.
8 - MULLER Amandine (Frantzia) d. b.
9 - LIEHNER Lara (Suitza) d. b.
10 - BÉNÉZET MINNS Lucy (Irlanda) d. b.
------------------------------------------------------------------
52- SERRANO Ayala (Euskal Herria) +5:27
70 - ARANGUREN Irati (Euskal Herria) +7:45