Itxi

Txirrindularitza

MUNDUKO TXAPELKETA

Evenepoel bigarren urtez jarraian gailendu da Munduko Txapelketako erlojupekoan

Agentziak | EITB Media

Olinpiar Jokoetako txapeldunak bigarren urtez jarraian lortu du urrea Munduko Txapelketako erlojuaren kontrako saioan, eta datorren astean historia egiten saiatuko da, errepideko proba irabazita.

  • Remco Evenepoel, Filippo Ganna eta Edoardo Affini podiumean. Argazkia: EFE

    Remco Evenepoel, Filippo Ganna eta Edoardo Affini podiumean. Argazkia: EFE

Remco Evenepoel nagusitu da Zurichen jokatu den Munduko Txapelketako erlojupekoan, eta, ondorioz, bigarren urtez jarraian bereganatu du ortzadar maillota. Halaber, datorren asteburuan errepideko proba irabazten badu, historia egingo du, urte berean urrea lortuta Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan.

Evenepoelekin batera, bi txirrindulari italiar izan dira podiumean: Filippo Ganna eta Edoardo Affini. Gannak azken orduan erabaki du lehiatzea; izan ere, gaurko proban ez zuela parte hartuko iragarri zuen.

Edonola ere, saio oso ona egin du, eta zilarra bereganatu du; Affini taldekideak, berriz, brontzea lortu du.

Evenepoelek ezustekoa izan du irtetear zegoela: katea atera zaio. Alabaina, epaileak ateratzeko agindua eman aurretik konpondu du arazoa, eta ez du ordezko bizikleta hartu behar izan.

Hala eta guztiz ere, ez da urduri jarri, eta Gannaren denbora bertsuan egin du ibilbidearen lehen zatia. Bigarrenean, ostera, azkarrago joan da, eta 10 segundoko aldea atera dio bere arerio nagusiari, eta hor amaitu da bien arteko borroka.

Azken 10 kilometroak tentsio gutxiagorekin lehiatu ditu, eta helmugan sartu aurretik ospatu ahal izan du garaipena. Evenepoelek 53 minutu eta segundo bat behar izan ditu ibilbidea osatzeko; 6 segundo atera dizkio Gannari eta 56 Affiniri.  

Remco Evenepoelen helmugaratzea. EFE

Remco Evenepoel, helmugara heltzen. EFE

MUNDUKO TXAPELKETAKO SAILKAPENA

1. EVENEPOEL Remco (Belgika) 53.01

2. GANNA Filippo (Italia) +6

3. AFFINI Edoardo (Italia) +54

4. TARLING Joshua (Britainia Handia) +1.17

5. VINE Jay (Australia) +1.24

6. ASGREEN Kasper (Danimarka) +1.30

7. FOSS Tobias (Norvegia) +1.44

8. KÜNG Stefan (Suitza) +1.48

9. CAMPENAERTS Victor (Belgika) +1.55

10. MCNULTY Brandon (Estatu Batuak) +1.58