Itxi

Txirrindularitza

MUNDUKO TXAPELKETA

Grace Brown, munduko txapelduna erlojupekoan

EITB Media

Txirrindulari australiarrak goi-goian amaituko du bere kirol ibilbidea: Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan urrea lortuta, hain zuzen ere. Suitzan lehiatu den erlojupekoan, Demi Vollering izan da bigarrena eta Chloe Dygert hirugarrena.

  • Grace Brown, Demi Vollering eta Chloe Dygert, podiumean. Argazkia: EFE

    Grace Brown, Demi Vollering eta Chloe Dygert, podiumean. Argazkia: EFE

Grace Brown txirrindulari australiarrak irabazi du Suitzan lehiatu den Munduko Txapelketako erlojuaren kontrako saioa, eta, ondorioz, denboraldia borobildu du, Parisko Olinpiar Jokoetan ere urrezko domina lortu baitzuen. Edonola ere, datorren urtean ez du munduko onenaren maillota jantziko, aurtengo denboraldi amaieran erretiroa hartuko duela iragarri baitu duela gutxi.

"Erabakia hartuta daukat. Denboraldi bukaeran utziko dut txirrindularitza, eta zorteduna naiz Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan garaipena lortuta amaituko dudalako nire kirol ibilbidea", azpimarratu du Brownek, beste denboraldi batez jarraitzeko aukerari ateak erabat itxita.  

Australiarrak 39 minutu eta 16 segundo behar izan ditu Gossau eta Zurich arteko 29,9 kilometroko ibilbidea egiteko, Demi Vollering herbeheretarra izan da bigarrena (+16) eta Chloe Dygert estatubatuarra hirugarrena (+56).

Urrea eskuratzeko borroka handia izan dute Brownek eta Volleringek, baina australiarrak ondo neurtu ditu indarrak, eta saioaren hasieran lortutako errentari eusteko gai izan da azken kilometroetan.

Dygert, berriz, iaz bereganatu zuen titulua berriro eskuratzeko asmoz lehiatu da, baina brontzearekin konformatu behar izan da azkenean.

Bestalde, gaur urrea lortzeko faborito nagusiak, Lotte Kopeckyk, ez du esperotako maila eman, eta hasieratik geratu da podiumeko lehiatik kanpo. Azkenean, bosgarren izan da.

SAILKAPEN NAGUSIA

1. BROWN Grace (Australia) 39.16,04

2. VOLLERING Demi (Herbehereak) +16

3. DYGERT Chloé (Estatu Batuak) +56

4. NIEDERMAIER Antonia (Alemania) +1.05

5. KOPECKY Lotte (Belgika) +1.39

6. SCHWEINBERGER Christina (Austria) +1.44,14

7. HENDERSON Anna (Britainia Handia) +1.44,39

8. VAN DIJK Ellen (Herbehereak) +1.47

9. LABOUS Juliette (Frantzia) +1.51

10. NEBEN Amber (Estatu Batuak) +2.20