Itxi

Txirrindularitza

Joko Paralinpikoak

Heidi Gaugainek zilarrezko domina irabazi du errepideko lasterketan, Parisko Joko Paralinpikoetan

EITB MEDIA

Lapurdin bizi den txirrindulariak, horrenbestez, hiru zilarrezko domina erdietsi ditu Joko hauetan. Errepideko lasterketan, urrea izan du jokoan Sarah Storey britainiarrarekin; azken horrek lortu du titulua, azkenean.

  • Heidi Gaugainek hiru zilarrezko domina bereganatu ditu Parisen. Argazkia: Basque Team.

    Heidi Gaugainek hiru zilarrezko domina bereganatu ditu Parisen. Argazkia: Basque Team.

Frantziako selekzioarekin lehiatu eta Lapurdin bizi den Heidi Gaugain txirrindulariak zilarrezko domina irabazi du C4-5 errepideko lasterketan, ostiralean, Parisen jokatzen ari diren Joko Paralinpikoetan. Horrenbestez, Gaugainek hiru zilarrezko domina erdietsi ditu Joko hauetan; errepideko lasterketan, urrea izan du jokoan Sarah Storey britainiarrarekin; azken horrek lortu du titulua, azkenean.

Testuinguru horretan, parte-hartzaileek bost itzuli eman behar izan dizkiote 14,2 kilometroko zirkuituko bati, Clichy-sous-Boisen; guztira, 71 kilometro egin dituzte. Heidi Gaugain une oro aritu da onenekin batera; azken metroetan, Storey eta bera iritsi dira irabazteko aukera zutela, eta britainiarra nagusitu da, esprintean.

Aurreneko bi sailkatuekiko hogei segundora, Paula Andrea Ossa Veloza kolonbiarra helmugaratu da; horrek erdietsi du brontzezko domina.

Heidi Gaugainek, hortaz, hiru zilarrezko domina irabazi ditu Parisko Joko Paralinpikoetan. Ostiralean eskuratuta ez ezik, C5 banakako erlojupekoan eta banakako C5 3.000 metroko jazarpenean ere sailkatu zen bigarren postuan.