Txirrindularitza
Joko Paralinpikoak
Eduardo Santasek zilarrezko domina irabazi du eta Dorian Foulonek brontzezkoa, banakako erlojupekoan
EITB MEDIA
Nafarroan bizi den eta Joko Paralinpikoetan Espainiarekin aritzen den Santasek C3an lortu du bigarren postua; Foulon (Lapurdin bizi da) Frantziako selekzioarekin dabil, eta C5ean erdietsi du hirugarren tokia.
Euskal Herrian bizi diren eta, hurrenez hurren, Espainiako selekzioarekin eta Frantziako selekzioarekin aritzen diren Eduardo Santas eta Dorian Foulon txirrindulariek zilarrezko domina (Santasek) eta brontzezko domina (Foulon) irabazi dituzte Parisen jokatzen ari diren 2024ko Joko Paralinpikoetan, asteazkenean. Hain zuzen ere, Nafarroan bizi den eta Espainiarekin aritzen den Santasek C3an bigarren postua lortu du, eta Foulon (Lapurdin bizi da) Frantziako selekzioarekin dabil, eta C5ean erdietsi du hirugarren tokia.
Erlojupekoak 14,2 kilometroko ibilbidea izan du, eta Clichy-sous-Boisen hasi eta amaitu da. Eduardo Santasek, C3an, 39 minutu eta hamabi segundoko denbora egin du, eta bigarren postua eskuratu, bai eta zilarrezko domina ere. Thomas Peyroton-Dartetek lortu du urrezko domina, Santasek baino 43 segundo gutxiago eginda, eta Matthias Schlinder alemaniarrak eskuratu du brontzea, Santasek baino bederatzi segundo gehiago baliatuta.
Aurretik, C5ean, Dorian Foulonek 36 minutu eta 49 segundoko denbora egin du, alegia, txapeldun izan den Daniel Abraham Gebru herbeheretarrak baino 58 segundo gehiago; zilarrezko domina Alistar Donohe australiarrak bereganatu du, Foulonek baino 32 segundo gehiago baliatuta.
Horrenbestez, biak ala biak dominak aldean itzuliko dira Euskal Herrira. Joko Paralinpikoak igandean amaituko dira, hilaren 8an.