Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Vuelta

Van Aertek Espainiako Vuelta utzi du eroriko batengatik eta kolokan dago Europako eta Munduko Txapelketetarako

EITB MEDIA

Visma-Lease a bike taldeko txirrindulari belgikarra asteartean erori zen, probako hamaseigarren etapan. Europako Txapelketa irailaren 11tik 15era bitartean egingo dute, Linburgon, eta Munduko Txapelketa, Zurichen, hilaren 21etik 29ra bitartean.

  • Van Aertek Espainiako Vuelta utzi behar izan du, asteartean. Argazkia: EFE.

    Van Aertek Espainiako Vuelta utzi behar izan du, asteartean. Argazkia: EFE.

Visma-Lease a bike taldeko Wout van Aert txirrindulari belgikarra kolokan dago irailaren 11tik 15era bitartean Herbehereetako Linburgon jokatuko duten Europako Txapelketarako eta hilaren 21etik 29ra bitartean Suitzako Zurichen egingo duten Munduko Txapelketarako; izan ere, Van Aertek, asteartean, Espainiako Vuelta utzi behar izan zuen, hamaseigarren etapan izandako eroriko batengatik.

Van Aert Covadongako aintziretan zegoen eta jausi egin da, helmugarako 48 kilometro gelditzen zirela, Collada Colmena mendatearen jaitsieran, eguneko ihesaldian zihoala. Ziklista belgikarra mendiko sailkapeneko eta puntukako sailkapeneko lehenengo postuan zebilen, eta, aurtengo Espainiako Vueltan, hiru etapa irabazi ditu. Erorikoaren ostean, ospitalera eraman dute, eta ospitalean proba erradiologikoak egin dizkiote, bereziki eskuin belaunean, bertan kolpe gogorra hartu baitu.

"Wout ospitalera eraman dute, anbulantziaz, eta probak egingo dizkiote. Jakina, asko tristetu gara ikusi dugunean Vuelta honela utzi behar izango duela. Ez dugu zortea gure alde izan denboraldi honetan. Denok gaude atsekabetuta beragatik", esan du Grischa Niermann Herbehereetako taldeko zuzendariak, sare sozialetan.

Van Aert sasoi betean zebilen, Espainiako Vueltan argi erakutsita zuenez; lasterketako sailkapen nagusian ere izan zen lehenengo postuan, aurreneko astean. Hori dela eta, faborito nagusietakoa zen hilabete honetan bertan jokatzekoak diren Europako eta Munduko Txapelketetarako; orain, erorikoaren ostean, ez dago argi proba horietan lehiatzeko aukera izango duen, edo batean, gutxienez.