Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Vuelta

Pablo Castrillok irabazi du Cabeza de Manzanedan, eta Kern Pharma aurrenekoz gailendu da itzuli handi batean

EITB MEDIA

Nafarroako taldeko txirrindulari aragoiarrak, gainera, garaipena oso hunkigarria eskuratu du; izan ere, ostegunean ere, Manolo Azcona zendu da, alegia, AD Galibierreko presidente ohi eta sortzailea, egungo Kern Pharmaren aurrekoa. O'Connorrek lider jarraitzen du.

  • Pablo Castrillok garaipen historikoa eman dio Kern Pharmari. Argazkia: EFE.

    Pablo Castrillok garaipen historikoa eman dio Kern Pharmari. Argazkia: EFE.

Kern Pharma taldeko Pablo Castrillo txirrindulari espainiarrak 2024ko Espainiako Vueltako hamabigarren etapa irabazi du, ostegunean, Cabeza de Manzanedan, eta, horrenbestez, Nafarroako taldea aurrenekoz gailendu da itzuli handi batean. Bitartean, Decathlon AG2R taldeko Ben O'Connor ziklista australiarrak sailkapen nagusiko lehen tokian jarraitzen du; sailkapen nagusi horretan, ez da aldaketa esanguratsurik izan, lasterketako hamabigarren egunean.

Castrilloren garaipena oso hunkigarria izan da; izan ere, ostegunean bertan zendu da Manolo Azcona. Azconak AD Galibier elkartea sortu zuen, eta presidente ere ibili zen; AD Galibier egungo Kern Pharma taldearen aurrekoa izan zen. Aragoiko ziklista eguneko ihesaldian sartu da; hamar txirrindulari izan dira horretan, tartean Oscar Rodriguez INEOS Grenadiers taldeko nafarra. Rodriguez hamargarren helmugaratu da, eta tropela, sailkapen nagusiko lehian dabiltzan txirrindulari guztiak bertan zeudela, irabazlearekiko ia sei minutu eta erdira iritsi da helmugara.

Ostiralean, 79. Espainiako Vueltako txirrindulariek probako hamahirugarren etapa jokatuko dute. Lugon hasi eta Ancares mendatean amaituko da hori, eta 175,6 kilometroko ibilbidea izango du; egun garrantzitsua izango da, amaiera 1. mailako mendate gogor batean kokatu baitute.

Etapako sailkapena

1 - CASTRILLO Pablo (Kern Pharma) 3:36:12

2 - POOLE Max (DSM) + 0:08

3 - SOLER Marc (UAE) + 0:16

4 - SCHMID Mauro (Jayco) + 0:23

5 - NARVAEZ Jhonatan (INEOS) + 0:34

6 - VANSEVENANT Mauri (Soudal) + 0:40

7 - TEJADA Harold (Astana) + 0:49

8 - VERONA Carlos (Lidl) + 1:03

9 - MEINTJES Louis (Intermarché) + 1:14

10 - RODRIGUEZ Oscar (INEOS) + 1:52

Sailkapen nagusia

1 - O'CONNOR Ben (Decathlon) 47:37:35

2 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 3:16

3 - MAS Enric (Movistar) + 3:58

4 - CARAPAZ Richard (EF) + 4:10

5 - LANDA Mikel (Soudal) + 4:40

6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 5:23

7 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 5:29

8 - YATES Adam (UAE) + 5:30

9 - GALL Felix (Decathlon) d. b.

10 - BENNETT George (Israel) + 5:46