Itxi

Txirrindularitza

79. edizioa

Jon Barrenetxeak irabazi du Getxoko Zirkuitua, esprintean

I. G. | eitb media

Bizkaitarra nagusitu da azken metroetan, Bilbo eta Getxo artean 173 kilometro egin ostean, beroak markatu duen lasterketan.

4:56
Jon Barrenetxeak irabazi du Getxoko Zirkuitua. Argazkia: EFE

Jon Barrenetxea (Movistar) bizkaitarrak irabazi du 79. Getxoko Zirkuitua, Bilbo eta Getxo artean 173 kilometroko ibilbidea izan duena, tenperatura altuengatik itzuli bat kendu ondoren. Bigarren Clemente Champoussin (Arkea) frantziarra izan da eta hirugarren Orluis Aular (Caja Rural) venezuelarra.

Horrela, Gamiz-Fikako txirrindulariak bere lehen garaipena lortu du profesionaletan, eta Movistar saritu du, azken kilometroetan Pike gaina igaro ondoren, talde horretako lau txirrindulari sartu baitira lasterketaren buruan sortu den hogei kideko taldean.

Beroak markatutako jardunaldian, txirrindulari gutxi animatu dira tropelari ihes egiten. Gainera, saiatu diren bakanak tropelak harrapatu ditu alde egin eta denbora gutxira.

15 kilometroren faltan, bost txirrindularik aurrera egin dute: Juan Pedro Lopez, Quinn Simmons, Javier Romo, Maxim Van Gils eta Clement Champoussin. Bi kilometro egin ondoren, Lopezek bizikletarekin irrist egin du bihurgune batean eta erori egin da, kolpe handi samarra hartuta.

Simmons estatubatuarrak eta Romo espainiarrak aurrean jarraitu dute, tropelak harrapatu arte. Azken metroetan, Movistar taldeko txirrindulariak jarri dira talde horretatik tiraka, eta Jon Barrenetxeak ondo baino hobeto borobildu du taldekideen lana, bera izan baita helmugan eskuak altxatu dituena.

Sailkapena

1 - BARRENETXEA Jon (Movistar) 4:11:21

2 - CHAMPOUSSIN Clément (Arkéa) d. b.

3 - AULAR Orluis (Caja Rural) d. b.

4 - SILVA Guillermo Thomas (Caja Rural) d. b.

5 - SEVILLA Diego Pablo (Polti Kometa) d. b.

6 - SIMMONS Quinn (Lidl-Trek) d. b.

7 - BARCELÓ Fernando (Caja Rural) d. b.

8 - EULÁLIO Afonso (ABTF) d. b.

9 - KRON Andreas (Lotto) d. b.

10 - GRELLIER Fabien (TotalEnergies) d. b.