Itxi

Txirrindularitza

Burgosko Itzulia

Caleb Ewanek irabazi du Ojo Guareñan, eta lider jarri da Burgosko Itzulian

EITB MEDIA

Bigarren etapak, Jayco AlUlako txirrindulariaren garaipenaz gain, euskal ziklista batzuek egindako lan bikaina ere utzi du: Caja Ruraleko Sorarrain zazpi kilometro gelditzen zirela harrapatu du tropelak, Euskalteleko Isasa ere izan da ihesaldian, eta Euskalteleko Aberasturi zazpigarren izan da.

3:53

Jayco AlUla taldeko Caleb Ewan txirrindulari australiarrak irabazi du 2024ko Burgosko Itzuliaren bigarren etapa, Ojo Guareñan, asteartean, esprintean, eta, gainera, sailkapen nagusiko lehenengo tokian jarri da; izan ere, sailkapen nagusi horretan, DSM taldeko lehen etapako garaile Pavel Bittner txekiarra aurreratu du.

Lasterketako bigarren etapak, Ewanen garaipenaz gain, euskal ziklista batzuek egindako lan bikaina ere utzi du: Caja Ruraleko Gorka Sorarrain eta Euskaltel-Euskadiko Xabier Isasa eguneko ihesaldian izan dira, eta tropelak amaierarako hamabost kilometro gelditzen zirela harrapatu ditu iheslariak; orduan, baina, Caja Rural-Seguros RGA taldeko Gorka Sorrarainek, ihesaldian bera ere, ez du amore eman, aurrera egin du, eta ez dute harrapatu zazpi kilometro gelditzen ziren arte. Helmugan, Euskaltel-Euskadiko Jon Aberasturi esprinterra zazpigarren izan da.

Horrenbestez, Caleb Ewanek Burgosko Itzuliaren maillot morea jantzi du, Pavel Bittnerrekin berdinduta, hori bai.

Asteazkenean, 2024ko Burgosko Itzuliaren hirugarren etapa jokatuko dute. Nabal Gumiel de Izan upategietan hasi eta, 138 kilometro eginda, Lagunas de Neila mendate gogorrean amaituko da.

Etapako sailkapena

1 - EWAN Caleb (Jayco) 3:59:43

2 - ADRIA Roger (Red Bull) d. b.

3 - GARCÍA CORTINA Iván (Movistar) d. b.

4 - ROCHAS Rémy (Groupama) d. b.

5 - SIMMONS Quinn (Lidl) d. b.

6 - ANGULO Antonio (Burgos) d. b.

7 - ABERASTURI Jon (Euskaltel) d. b.

8 - KONRAD Patrick (Lidl) d. b.

9 - BITTNER Pavel (DSM) d. b.

10 - PARISINI Nicolo (Q36.5) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - EWAN Caleb (Jayco) 8:01:59

2 - BITTNER Pavel (DSM) d. b.

3 - GARCIA CORTINA Ivan (Movistar) + 0:02

4 - ADRIA Roger (Red Bull) + 0:04

5 - POOLE Max (DSM) + 0:07

6 - ANGULO Antonio (Burgos) + 0:10

7 - GOVEKAR Matevz (Bahrain) d. b.

8 - BRUSTENGA Marc (Kern Pharma) d. b.

9 - ROCHAS Remy (Groupama) d. b.

10 - SIMMONS Quinn (Lidl) d. b.