Itxi

Txirrindularitza

Abuztuak 10

Donostiako Klasikoaren ibilbideak berritasunak izango ditu aurten

EITB MEDIA

Lasterketa abuztuaren 10ean izango da. 236 kilometroko ibilbidean, 7 mendate puntuagarri igoko dituzte. Murgil ibilbidetik kendu dute eta bere ordez Pilotegi sartu dute. Irteera eta helmuga ere aldatu dituzte eta lasterketa Kursaalen aurrean hasi eta amaituko da.

  • 2024ko Donostiako Klasikoko ibilbidea

    2024ko Donostiako Klasikoko ibilbidea. Iturria: Donostiako Klasikoa

Donostiako Klasikoak 2024ko ekitaldiko ibilbide ofizialaren berri eman du. Zenbait aldaketa daude aurreko urteekin alderatuta, errepideetan egindako aldaketengatik eta segurtasunagatik. Edizio honetan, txirrindulariek 236 kilometro egin beharko dituzte, iaz baino 6 gehiago, Zurriolako helmugara iritsi aurretik.

Zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte: Andazarate, Azkarate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Pilotegi. Azken hori igoera berria izango da Klasikoan, eta Murgil ordezkatuko du. Pilotegi Murgil edo Borda baino igoera gogorragoa da, % 27rainoko aldapekin. 

Halaber, bitarteko bi esprint egongo dira: aurrenekoa, helmugatik lehen aldiz igarotzerakoan; eta bigarrena, 219,5. kilometroan, kontrahelmugatik igarotzean.

Irteera eta helmuga, Kursaal aurrean

Horrez gain, bada beste berritasunik. Irteera eta helmuga Zurriola etorbidean kokatuko dira, Kursaalaren aurrean.

Lasterketa Donostiako Aste Nagusia hasiko den egunean jokatuko da. Ondorioz, antolatzaileek Zurriolan jarriko dituzte lasterketaren azpiegitura guztiak. Irabazleak txapela janztean, Zurriola eta itsasoa izango ditu lekuko. 

Donostiako Klasikoko profila

Donostiako Klasikoko profila