Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Kern Pharma taldeak Haimar Etxeberria fitxatu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

20 urteko txirrindulari irundarra Finisher taldetik dator, eta hurrengo hiru denboraldietarako kontratua sinatu du.

  • Haimar Etxeberria, Kern Pharma taldeko txirrindularia

    Haimar Etxeberria, Kern Pharma taldeko txirrindularia. @EqKernPharma

Kern Pharma taldeak Haimar Etxeberria 20 urteko txirrindularia fitxatu duela iragarri du astelehen honetan. Finisher taldetik dator, eta igandean Loinatz Proba irabazi zuen, egun bateko lasterketetan 2024an lortu duen hirugarren garaipena, hain zuzen ere.

Garaipen horrez gain, Etxeberria izan zen nagusi martxoan San Gregorio-Asier Aranceta Memorialean; apirilean, Valladolideko Klasikoa ez ezik, Bidasoako Itzuliko lehen etapa irabazi zuen.

"Profesional izateko ametsa egi bihurtu da. Lasterketak telebistan ikusi eta hilabete batzuetan zu hor egongo zarela jakitea sinestezina da. Nekea ondo daraman txirrindularia naizela uste dut, puntako abiadura duena, eta oso luzeak ez diren igoeratan nabarmentzen dena", esan du Etxeberriak Kern Pharmak argitaratutako adierazpenetan.

Juanjo Oroz Kern Pharma taldeko arduradun nagusia "oso harro" agertu da fitxaketa berriarekin: "Profesionaletan asko baloratzen den profila da. Jubenila zenez gero nabarmendu da, eta aurten baieztatu egin du".