Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Txapelketa

Usoa Ostolaza, errepideko Espainiako txapelduna

EITB Media

Txirrindulari zarauztarrak bereganatu garaipena du Espainiako Txapelketako errepideko proban. Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioan Ostolazak taldekide duen Iurani Blanco izan da bigarren, Mavi Garciak osatu du podiuma, hirugarren bukatuta.

  • Usoa Ostolaza

    Usoa Ostolaza helmugaratzen, Espainiako Txaplketako errepideko proban. Argazkia: @RFECiclismo

Usoa Ostolaza da 2024ko errepideko Espainiako txapelduna. Zarauztarra nagusi izan da San Lorenzo de El Escorialen hasi eta bukatutako 116,8 kilometroko ibilbidea izan duen errepideko proban.

Azken kilometroetan Mavi Garciak (Liv AlUla Jayco) jo du erasoa, eta Mallorcakoa ibili da lasterketa buruan. Atzetik abiatu dira Usoa Ostolaza eta Iurani Blanco Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko txirrindulariak. Amaierarako 500 metro falta zirenean egin du bat Ostolazak Garciarekin. Helmugarako 300 metro falta zirenean erritmoa bizitu du Ostolazak, Mavi Garciak ezin izan dio jarraitu, eta zarauztarrak bereganatu du garaipena.

Iurani Blanco Ostolazaren taldekidea izan da bigarren 5 segundora eta Mavi Garcia hirugarren Usoarekiko 9 segundora. Ane Santesteban (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) seigarren izan da garailearekiko 33 segundora.

Gainera, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren lan bikaina biribildu du Eneritz Vadillok 23 urtez azpiko errepideko proba irabazita. Beraz, Gorlizkoa (Bizkaia) da 23 urtez azpiko mailako errepideko Espainiako Txapelduna. Vadillok elite mailakoekin batera korritu du, zortzigarren izan da orotara eta bere mailako txapelduna izan da. Paula Blasi (Massi Baix) izan da bigarren 14 segundora eta Marina Garau (Cantanbria Deporte-Rio Miera) hirugarren Vadillorekiko minutu bat eta 31 segundora.

Sailkapena:

1 - OSTOLAZA Usoa (Laboral Kutxa) 3:08:56

2 - BLANCO Iurani (Laboral Kutxa) +0:05

3 - GARCIA Mavi (Liv) +0:09

4 - MARTIN Sara (Movistar) d. b.

5 - BENITO Mireia (AG Insurance) d. b.

6 - SANTESTEBAN Ane (Laboral Kutxa) +0:36

7 - ALONSO Sandra (CERATIZIT) +0:43

8 - VADILLO Eneritz (Laboral Kutxa) +3:18

9 - GUTIERREZ Sheyla (Movistar) +3:21

10 - BLASI Paula (Massi Baix) +3:32