Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Txapelketa

Beloki Espainiako txapeldunorde gizonezkoen elite mailako erlojupekoan; Agirre txapeldun, 23 urtez azpikoan

EITB Media

Markel Belokik zilarrezko domina zintzilikatu du Espainiako Txapelketako elite mailako erlojupeko proban. Erlojuaren kontrako 23 urtez azpiko mailan Aitor Agirre izan da onena.

  • Aitor Agirre

    Aitor Agirre, 23 urez azpiko mailako Espainiako txapelduna erlojupekoan. Argazkia: @RFECiclismo

Euskal ordezkariek ondo ekin diote Madrilen jokatzen ari den Espainiako Txirrindularitza Txapelketari. Lehen proba banakako erlojupekoa izan da.

Gizonezkoen elite mailan Markel Beloki bigarren izan da. Gasteizko txirrindulariak zilarrezko domina zintzilikatu du, 33,4 kilometroko ibilbidea 39 minutu eta 6 segundoan eginda. David De La Cruz irabazleak baino 33 segundo gehiago behar izan ditu arabarrak. Brontzezko domina Raul Garcia Piernarentzat izan da, irabazlearekiko 36 segundora. Oier Lazkano gasteiztarra laugarren izan da 39 minutu eta 11 segundoko markarekin. Txomin Juaristik (39 '29 ") bosgarren bukatu du.

Ibilbide berean, euskal txirrindularitzarentzat albisterik onena 23 urtez azpiko gizonezkoen mailako erlojupekoan iritsi da: Aitor Agirre da Espainiako txapelduna, 40 minutu eta 55 segundoko markarekin. Alberto Fernandez bigarren izan da 19 segundora eta Luis Garcia hirugarren 20 segundora.

Elite mailako emakumezkoen erlojupekoan Lourdes Oyarbide eta Usoa Ostoloza euskaldunak seigarren eta zazpigarren izan dira hurrenez hurren, Mireia Benito irabazlearekiko 2 minutura helmugaratu da Oyarbide; Ostolaza, aldiz, 2 minutu eta 55 segundora. Sandra Alonso izan da bigarren 15 segundora eta Mavi Garcia hirugarren 18ra. Ziortza Isasi bizkaitarrak hamabigarren amaitu du.

23 urtez azpiko emakumezkoen mailan Eneritz Vadillo eta Nahia Imaz euskaldunak bigarren eta hirugarren izan dira hurrenez hurren. Vadillok Paula Blasi irabazlearekiko 31 segundora amaitu du erlojupekoa; Nahia Imazek, berriz, txapeldunak baino minutu bat eta 39 segundo gehiago behar izan ditu ibilbidea osatzeko.