Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia

Almeida nagusitu da Blattenen, eta Yatesek abantaila handitu du

I. G. | EITB MEDIA

Van den Broek, Bisseger eta Foldager izan dira eguneko ihesaldiko protagonistak, 10 kilometroko azken igoerara arte lasterketaren buruan izan baitira. Hiru kilometro eta erdi falta zirenean, Yatesek erasoa jo du buruan jartzeko.

5:37
João Almeida helmugara iritsi denean

João Almeida (UAE) Portugalgo txirrindulariak irabazi du ostiral honetan 2024ko Suitzako Itzuliko seigarren etapa, Blattengo azken igoeran garaipena lortuta. Etapa Ulrichen eta Blatten artean egin da, 42,5 kilometro eskaseko ibilbidean. Adam Yates taldekideak haren atzetik zeharkatu du helmuga, lau segundora, maillot horiari eutsi eta sailkapen nagusian aldea handituta. Hirugarren, berriz, Mattias Skjelmose danimarkarra izan da (Lidl-Trek).

Van den Broek, Bisseger eta Foldager izan dira eguneko ihesaldiko protagonistak, 10 kilometroko azken igoerara arte lasterketaren buruan izan baitira.

Hiru kilometro eta erdi falta zirenean, Yatesek erasoa jo du buruan jartzeko. Skjelmose, Bernal eta Almeida izan ditu atzetik. Helmugara iristeko 1,5 kilometroren faltan, kolonbiarrak bizkortu egin du erritmoa, Skjelmose eta Almeida atzetik abiatu dira, eta 500 metro aurrerago Bernal harrapatu dute.

Azken kilometroaren barruan, Yatesek ostegunean lortutako garaipena berretsiko zuela zirudienean, Almeidak martxa azkartu du eta bere taldeburuarengana iritsi da. Helmugarako 300 metro falta zirenean, Yates atzean geratu da eta Almeidak metro batzuetako aldea hartu du garaipena ospatu ahal izateko.

Antolatzaileek gaur bertan laburtu dute seigarren etapako ibilbidea. Txirrindulariak Locarnotik irten eta Blattenera iritsi behar ziren, 151,4 kilometro egin ondoren, Nufenenpassetik igarota. Azkenean, baina, etapak 42,5 kilometroko ibilbidea izan du, eta igoera bakarra, azken kilometroetan.

ETAPAKO SALKAPENA:

1 - ALMEIDA João (UAE) 0:55:13

2 - YATES Adam (UAE) +0:04

3 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +0:09

4 - BERNAL Egan (INEOS) +0:15

5 - MARTINEZ Lenny (Groupama) +0:35

6 - PIDCOCK Thomas (INEOS) +0:40

7 - MAS Enric (Movistar) +0:47

8 - RICCITELLO Matthew (Israel) d. b.

9 - SANCHEZ Pelayo (Movistar) +0:54

10 - GALL Felix (Decathlon) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - YATES Adam (UAE) 16:39:46

2 - ALMEIDA João (UAE) +0:27

3 - BERNAL Egan (INEOS) +1:28

4 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +2:24

5 - MAS Enric (Movistar) +2:38

6 - RICCITELLO Matthew (Israel) +2:42

7 - PIDCOCK Thomas (INEOS) +3:28

8 - ONLEY Oscar (DSM) +3:37

9 - GALL Felix (Decathlon) +4:01

10 - SANCHEZ Pelayo (Movistar) +4:28