Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia

Torstein Traenek irabazi du San Gottardon, eta Adam Yates horiz jantzi da, Suitzako Itzulian

EITB MEDIA

Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari norvegiarrak bakarka eskuratu du garaipena lasterketako laugarren etapan; ekitaldi honetan lehen aldiz, jardunaldia mendatean amaitu da. Traen eguneko ihesaldian izan da, eta, amaieran, Adam Yates lider berria baino 23 segundo arinago helmugaratu da.

8:38

Bahrain-Victorious taldeko Torstein Traen txirrindulari norvegiarrak irabazi du, asteazkenean, 2024ko Suitzako Itzuliaren laugarren etapa, San Gottardo 1. mailako mendatean; bitartean, sailkapen nagusian, berriro ere, aldaketa izan da aurreneko postuan, UAE Emirates taldeko Adam Yates britainiarrak eskuratu baitu liderreko maillot horia, EF Educationeko Alberto Bettiol italiarrari kenduta.

Profesionaletan aurreneko aldiz lortu du garaipena Traenek, eta ospe handiko lasterketa batean egin du hori, alegia, Suitzako Itzulian. Helmugarako oraindik 140 kilometro gelditzen zirela, tropeletik ihes egin du, beste txirrindulari batzuekkin batera; aurretik eguneko zati gogorrena zutela, Traen berak eta Tudor taldeko Roland Thalmann suitzarrak jarraitzen zuten lasterketa buruan. Eguneko garaileak hamar bat kilometro geratzen zirela utzi du atzean Thalmann.

Sailkapen nagusiaren lehian dauden gizonen multzoan, Adam Yatesek erasoa jo du, amaierarako bost kilometro gelditzen zirenean, eta gertu-gertu izan du Traen; Bahraineko ziklistak, baina, eutsi egin dio, eta garaipena lortu du. Gino Mader taldekidea omendu nahi izan du, helmugaratuta; izan ere, Mader duela urtebete zendu zen, Suitzako Itzulian.

Adam Yates, Suitzako Itzuliaren lider berria. Agazkia: EFE.

Adam Yates, Suitzako Itzuliaren lider berria. Agazkia: EFE.

Ostegunean, bosgarren etapa jokatuko dute, Ambri-Cari, 148,6 kilometrokoa; jardunaldia, berriro ere, 1. mailako mendate batean amaituko da.

ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - TRAEN Torstein (Bahrain) 4:10:21

2 - YATES Adam (UAE) +0:23

3 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +0:48

4 - ALMEIDA Joao (UAE) d.b.

5 - BERNAL Egan (INEOS) +1:00

6 - ONLEY Oscar (DSM) +1:27

7 - MAS Enric (Movistar) d.b.

8 - GALL Felix (Decathlon) d.b.

9 - UIJTDEBROEKS Cian (Visma) d.b.

10 - RICCITELLO Matthew (Israel) d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - YATES Adam (UAE) 11:50:08

2 - ALMEIDA Joao (UAE) +0:26

3 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) d.b.

4 - BERNAL Egan (INEOS) +0:49

5 - KELDERMAN Wilco (Visma) +1:15

6 - ONLEY Oscar (DSM) +1:17

7 - MAS Enric (Movistar) d.b.

8 - UIJTDEBROEKS Cian (Visma) 1:21

9 - RICCITELLO Matthew (Israel) 1:25

10 - GALL Felix (Decathlon) 1:42