Txirrindularitza
Esloveniako Tourra
Jon Aberasturi, Euskaltel-Euskadiko liderra Esloveniako Tourrean; lasterketa asteazkenean hasiko da
EITB MEDIA
Proba igandera bitartean jokatuko dute, alegia, ekainaren 16ra arte. Caja Rural eta Kern Pharma ere izango dira, eta Pello Bilbao.
-
Jon Aberasturi, Andoni Lopez de Abetxukoren aldamenean, artxiboko irudian. Argazkia: EITB Media.
Jon Aberasturi esprinterra izango da Euskaltel-Euskadiren liderra eta aukera nagusia 2024ko Esloveniako Tourrean, etapa garaipenen bat lortzeko; lasterketa, hain zuzen ere, asteazkenean hasiko da, hilaren 12an, igandera bitartean (hilaren 16an amaituko da). Jorge Azanza eta Pello Olaberria kirol zuzendarien gidaritzapean, txirrindulari hauek izango dira Eslovenian, euskal taldearen aldetik: Aberasturi, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Victor de la Parte, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin.
Hala, Aberasturi lehenengo eta bigarren etapetan izango du abagunea, kontuan izanik profil laua izango dutela. Hauek izango dira haren aurkari nagusiak, esprinta izatekotan: Dylan Groenewegen herbeheretarra (Jayco AlULa), Alexander Kristoff norvegiarra (Uno-X), Paul Penhoet frantziarra (Groupama-FDJ), Sam Welsford australiarra (BORA-Hansgrohe) edo Caja Rural taldeko Orluis Aular venezuelarra.
"Aberasturi esprintean iristeko aukera nagusia da, eta Gotzon eta Berasategi aukera onak izan daitezke ibilbide bihurriagoetan. Bizkarra eta De la Parte dira sailkapen nagusirako aukerak, baita Juaristi ere, mendateko amaiera ona eta sailkapen nagusi ona egin ahal izateko, izan ere, horrek puntuak ematen ditu. Borroka horretan sartu behar dugu", nabarmendu du Azanzak.
Nabarmentzeko modukoa da, halaber, Caja Rural-Seguros RGA eta Kern Pharma ere izango direla Esloveniako Tourrean. Kern Pharman, besteak beste, Urko Berrade eta Diego Uriarte arituko dira. Horrez gain, aurreikuspena da Pello Bilbao (Bahrain Victorious) ere lehiatzea lasterketa honetan.