Itxi

Txirrindularitza

Suitzako Itzulia, 2. etapa

Bryan Coquardek esprintean irabazi du Suitzako Itzuliko bigarren etapa

Agentziak | EITB MEDIA

Michael Matthews eta Arnaud de Lie gainditu ditu helmugan. Etapak 160 kilometro inguruko ihesaldi luzea izan du. Lampaertek sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi dio.

  • Bryan Conquard, Suitzako Itzuliko bigarren etapako helmugan

    Bryan Conquard, Suitzako Itzuliko bigarren etapako helmugan. Argazkia: EFE.

Bryan Coquard frantziarrak Suitzako Itzuliko bigarren etapa irabazi du esprintean. Guztira, txirrindulariek 177,3 kilometroko ibilbidea egin dute Vaduz eta Regensdorf artean. Yves Lampaert belgikarrak (Soudal-Quick Step) lider jarraitzen du sailkapen nagusian.

Aurretik, talde nagusiak izandako ihesaldi saiakera guztiak kontrolatu ditu. Soren Kragh Andersen danimarkarra (Alpecin-Deceuninck) eta Mauro Schmid suitzarra helmugarako 5,6 kilometrora harrapatu dituzte. Alberto Bettiol italiarra (EF Education-EasyPost) bera bakarrik saiatu da, baina erlojuaren aurka trebea den arren, azken kilometrora iritsi aurretik harrapatu dute.

Horrela, 32 urteko Coquard Michael Matthews australiarrari (Jayco AlUla) eta Arnaud de Lie belgikarrari (Lotto Dstiny) gailendu zaizkie helmugan. Brandon Rivera kolonbiarra (INEOS Grenadiers) laugarren izan da.

Coquardek profesionaletan lortzen duen 32. garaipena izan da, 2024ko lehena, eta UCI World Tourren eskuratzen duen bigarrena, 2023. urteko Tour Dwn Under proban lortutakoaren ostean.

Lampaert belgikarrak lehenengo etapan lortutako sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi dio. Lau segundoko aldea du Ethan Hayter britainiarrarekiko (INEOS Grenadiers) eta zazpi segundokoa Joao Almeida portugaldarra (UAE Emirates) eta beste sei txirrindularirekiko.

Asteartean hirugarren etapa lehiatuko dute, 161.7 kilometrokoa, Steinmaur eta Rüschlikon artean, eta hirugarren mailako hiru mendate izango dituzte ibilbidearen bukaeran.

 

Etapako sailkapena

1 - COQUARD Bryan (Cofidis) 4:06:39

2 - MATTHEWS Michael (Jayco) d. b.

3 - DE LIE Arnaud (Lotto) d. b.

4 - RIVERA Brandon Smith (INEOS) d. b.

5 - COSTA Rui (EF Education) d. b.

6 - LAURANCE Axel (Alpecin) d. b.

7 - PIDCOCK Thomas (INEOS) d. b.

8 - ADRIÀ Roger (BORA) d. b.

9 - BUSATTO Francesco (Intermarche) d. b.

10 - WILLIAMS Stephen (Israel) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - LAMPAERT Yves (Soudal) 4:11:44

2 - HAYTER Ethan (INEOS) + 0:04

3 - ALMEIDA João (UAE) + 0:07

4 - FISHER-BLACK Finn (UAE) d. b.

5 - MATTHEWS Michael (Jayco) d. b.

6 - WATSON Samuel (Groupama) + 0:09

7 - BETTIOL Alberto (EF Education) d. b.

8 - KUNG Stefan (Groupama) + 0:11

9 - SCHMID Mauro (Jayco) d. b.

10 - KRAGH ANDERSEN Soren (Alpecin) + 0:11