Txirrindularitza
Dauphine Kriteriuma
Primoz Roglicek irabazi du 2024ko Dauphine Kriteriuma
EITB Media
Esloveniarra izan da onena Frantziako lasterketan. Zortzigarren eta azken etapako garailea Carlos Rodriguez izan da, eta Matteo Jorgenson helmugaratu da jarraian; estatubatuarrak gauzak zail jarri dizkio Roglici, baina sailkapen nagusian bigarren amaitu du azkenean, 8 segundora.
-
Primoz Roglic, 2024ko Dauphine Kriteriumeko irabazlea. Argazkia: EITB Media
Primoz Roglicek (BORA-hansgrohe) irabazi du 2024ko Dauphine Kriteriuma. Esloveniarrak sufritu egin behar izan du garaipena bereganatzeko, zortzigarren eta azken etapako bigarrenak, Matteo Jorgensonek (Jumbo-Lease a Bike), 54 segundo atera baitizkio. Hala ere, estatubatuarra minutu bat eta 2 segundora zuenez, garaipenak ez dio ihes egin Roglici. Etapako irabazlea Carlos Rodriguez (INEOS Grenadiers) izan da.
Bederatzi txirrindulariz osatutako taldea ibili da ihes eginda: Bart Lemmen (Jumbo-Lease a Bike), Marc Soler (UAE Emirates), Tim Wellens (UAE Emirates), Bruno Armirail (Decathlon-AG2R La Mondiale), David Gaudu (Groupama-FDJ), Omar Fraile (INEOS Grenadiers), Guillaume Martin (Cofidis), Eduardo Sepulveda (Lotto-Dstny) eta Sean Quinn (EF Education-Easy Post). Taldetxoa tropelaren aurretik iritsi da azken igoerara.
Maldan gora, iheslarien taldetxoa hautsi egin da, eta Giulio Cicconek (Lidl-Trek) sua piztu du faboritoen tropelean. Italiarrak aurretik zituen ziklista guztiak harrapatu eta atzean utzi ditu, eta bakarrik geratu da lasterketaren buruan. Roglic liderraren Bora-hansgrohe taldea, baina, lanean jarri da, eta ez dio abantaila handiegirik hartzen utzi Cicconeri.
Helmugarako 5 kilometro falta zirenean, faboritoen tropelaren erritmoa bizitu du Carlos Rodriguezek, eta atzean utzi du Roglic. Matteo Jorgensonek eta Derek Geek (Israel-Premier Tech) aurrera egin dute espainiarrarekin batera.
Azken kilometroan, atzean geratu da Gee; beraz, etapa garaipena Jorgensonen eta Rodriguezen artean erabaki da. Bien arteko lehian, Rodriguezek lortu du garaipena. Jorgenson izan da bigarren, eta Gee hirugarren. Jorgensonek baino 48 segundo gehiago behar izan ditu Roglicek helmugaratzeko, eta, ondorioz, esloveniarrak irabazi du Dauphine Kriteriuma.
Sailkapen nagusian, Primoz Roglic nagusitu da, Matteo Jorgenson izan da bigarren, 8 segundora, eta Derek Gee hirugarren, 36ra. Euskaldunei dagokienez, Oier Lazkano (Movistar) bederatzigarren izan da, 2 minutu eta 54 segundora, eta Mikel Landa (Soudal Quick Step) hamargarren, 4 minutu eta 13 segundora.
Sailkapen nagusia:
1 - ROGLIC Primož (BORA) 25:35:40
2 - JORGENSON Matteo (Visma) +0:08
3 - GEE Derek (Israel) +0:36
4 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +1:00
5 - DE PLUS Laurens (INEOS) +2:04
6 - VLASOV Aleksandr (BORA) +2:06
7 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +2:25
8 - CICCONE Giulio (Lidl) +2:54
9 - LAZKANO Oier (Movistar) d. b.
10 - LANDA Mikel (Soudal) +4:13
8. etapako sailkapena:
1 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) 4:18:02
2 - JORGENSON Matteo (Visma) d. b.
3 - GEE Derek (Israel) +0:15
4 - DE PLUS Laurens (INEOS) +0:35
5 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) d. b.
6 - ROGLIC Primož (BORA) +0:48
7 - CICCONE Giulio (Lidl) d. b.
8 - EVENEPOEL Remco (Soudal) +0:58
9 - VLASOV Aleksandr (BORA) d. b.
10 - LANDA Mikel (Soudal) +1:10
11 - LAZKANO Oier (Movistar) +1:22