Itxi

Txirrindularitza

DAUPHINÉ KRITERIUMA

Roglic nagusitu da Samoenseko gailurrean, eta Lazkanok laugarren postuan bukatu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Movistar taldeko txirrindulari arabarra irabazlearengandik bi segundora sartu da, gainerako faborito nagusiekin batera. Bestalde, Remco Evenepoelek 1:46 galdu ditu helmugan.

  • Primoz Roglic eta Matteo Jorgenson, zazpigarren etapako esprintean

    Primoz Roglic eta Matteo Jorgenson, zazpigarren etapako esprintean. Argazkia: EITBren bideo batetik

Primoz Roglic (Bora) esloveniarrak Dauphine Kriteriuma bigarrenez bereganatzeko garaipen erabakigarria lortu du aurtengo ekitaldiko zazpigarren etapan, Albertville eta Samoëns 1600 artean jokatu den 155,3 kilometroko mendiko etapa nagusian.

Espainiako Vueltako hiru aldiz irabazi duen Roglicek (Trbovlje, 34 urte) helmugatik gertu jo du erasoa, eta horrek etapa irabaztea eta 10 segundoko gainsaria ekarri dizkio.

Haren ostean, Matteo Jorgenson (Visma) estatubatuarra iritsi da, esloveniarraren denbora berean. Bi segundo geroago sartu dira Ciccone italiarra (Lidl-Trek), igoera aparta egin duen Oier Lazkano gasteiztarra (Movistar), amaiera aldera erasoaldi bat egitera ere ausartu dena, eta Gee (Israel) kanadarra. Mikel Landa (Soudal) murgiarra, bere aldetik, 10. tokian sailkatu da, 33 segundora, Remco Evenepoel taldeburuaren aurretik; izan ere, belgikarrak 1:46 galdu du Roglicekiko.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Roglicek 1:02ra du Jorgenson, eta 1:13ra Gee. Oier Lazkano zortzigarren tokian ageri da, 2:20ra; Mikel Landa, berriz, hamargarrena dago sailkapenean, 3:51ra.

Igande honetan, zortzigarren eta azken etapa jokatuko da Thônes eta Plateau des Glières artean (160,6 kilometro). Etapa lehen mailako mendate batean amaituko da, eta ibilbidean zehar lehen mailako beste bi mendate eta hirugarren mailako bat igo beharko dituzte txirrindulariek.

Etapako sailkapena

1 - ROGLIC Primoz (BORA) 4:29:16

2 - JORGENSON Matteo (Visma) d. b.

3 - CICCONE Giulio (Lidl) + 0:02

4 - LAZKANO Oier (Movistar) m. t.

5 - GEE Derek (Israel) d. b.

6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 0:08

7- BUITRAGO Santiago (Bahrain) + 0:14

8 - DE PLUS Laurens (INEOS) d. b.

9 - VLASOV Aleksandr (BORA) d. b.

10 - LANDA Mikel (Soudal) + 0:33

Sailkapen nagusia

1 - ROGLIC Primoz (BORA) 21:16:50

2 - JORGENSON Matteo (Visma) + 1:02

3 - GEE Derek (Israel) + 1:13

4 - VLASOV Aleksandr (BORA) + 1:56

5 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 1:58

6 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 2:15

7 - DE PLUS Laurens (INEOS) + 2:17

8 - LAZKANO Oier (Movistar) + 2:20

9 - CICCONE Giulio (Lidl) + 2:54

10 - LANDA Mikel (Soudal) + 3:51