Itxi

Txirrindularitza

Dauphine Kriteriuma

Mads Pedersenek irabazi du Dauphine Kriteriumeko aurreneko etapa, esprintean, eta lehenengo liderra da

EITB MEDIA

Lidl-Trek taldeko danimarkarra izan da azkarrena Saint-Pourçain-sur-Sioule herriko helmugan, Decathlon taldeko Sam Bennett irlandarra menderatuta. Pedersenek (2019ko errepideko munduko txapelduna) 2024ko denboraldian eskuratutako zortzigarren garaipena izan da.

  • Mads Pedersenek garaipen argia eskuratu du. Argazkia: EITB Media.

    Mads Pedersenek garaipen argia eskuratu du. Argazkia: EITB Media.

Lidl-Trek taldeko Mads Pedersen txirrindulari danimarkarrak irabazi du 2024ko Dauphine Kriteriumeko aurreneko etapa, esprintean, Saint-Pourçain-sur-Sioule herritik abiatu eta bertan amaitu dena, eta, horrenbestez, lasterketako lehenengo liderra da. Lehen etapa honetan izandako esprint nagusian, Decathlon taldeko Sam Bennett irlandarra menderatu du Pedersenek, etapan garaipena lortzeko beste hautagai nagusia zen ziklista.

Esprinterrek abagune oso polita zuten garaipena lehiatzeko, probako estreinaldian, eta esperotakoa bete da. Mathis Le Berre (Arkea) eta Mark Donovan (Q36.5) ihes eginda ibili dira kilometro askotan, baina tropelak une oro izan ditu kontrolpean; multzo handian, gizon azkarren taldeek hartu dute ardura, aurreikusita zegoenez.

2019an errepideko munduko txapelketa irabazi zuen ziklistak denboraldi bikaina darama 2024an; Dauphine Kriteriumeko aurreneko etapan erdietsitakoa zenbatuta, zortzi garaipen daramatza dagoeneko, puntukako hainbat sailkapen zenbatu gabe. Aurtengo lehen etapan, argi nagusitu da azken metroetan, eta garaipen ederra lortu du.

Astelehenean, lasterketako bigarren etapa goian amaituko da, Col de la Loge mendatean, eta, ondorioz, eskalatzaileentzako aproposa izan daiteke.

Etapako sailkapena

1 - PEDERSEN Mads (Lidl-Trek) 4:01:30

2 - BENNETT Sam (Decathlon) d. b.

3 - PAGE Hugo (Intermarche) d. b.

4 - VENTURINI Clement (Arkea) d. b.

5 - DOULL Owain (EF Education) d. b.

6 - GAZZOLI Michele (Astana) d. b.

7 - GARCÍA CORTINA Iván (Movistar) d. b.

8 - WRIGHT Fred (Bahrain) d. b.

9 - RUSSO Clement (Groupama) d. b.

10 - CORT Magnus (Uno) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - PEDERSEN Mads (Lidl-Trek) 4:01:20

2 - BENNETT Sam (Decathlon) + 0:04

3 - PAGE Hugo (Intermarche) + 0:06

4 - LE BERRE Mathis (Arkea) + 0:07

5 - DONOVAN Mark (Q36.5) + 0:08

6 - PEDERSEN Casper (Soudal) + 0:09

7 - VENTURINI Clement (Arkea) + 0:10

8 - DOULL Owain (EF Education) d. b.

9 - GAZZOLI Michele (Astana) d. b.

10 - GARCIA CORTINA Ivan (Movistar) d. b.