Txirrindularitza
Cedrine Kerbaol frantziarrak irabazi du Durango-Durango Klasikoa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Garaileak lau segundoko aldea atera die helmugan bigarren eta hirugarren postuan sartu diren Evita Muzic frantziarrari eta Thalita de Jong herbeheretarrari.
-
Ezkerretik eskuinera: Muzic, Kerbaol eta De Jong. Argazkia: EITB
Cedrine Kerbaol frantziarra (Ceratizit) gailendu da Durango-Durango Emakumeen Nazioarteko Klasikoan, Bizkaiko errepideetan barrena, euripean, 113 kilometroko ibilbidea egin ondoren.
Denboraldi honetan dagoeneko Valentziako Erkidegoko Itzulia irabazi duen Kerbaolek (22 urte) lau segundoko aldea atera die Evita Muzic herrikideari (FDJ) eta Thalita de Jong herbeheretarrari (Lotto Dstny).
Lasterketako hasierako kilometroak Nina Berton luxenburgotarrak (Ceratizit) eta Lotta Henttala finlandiarrak (EF Education) egindako ihesaldiarekin animatu dira. Dena dela, lasterketako garailea azken 30 kilometroetan erabaki da, bertan baitzeuden bilduta jardunaldiko hiru igoerak.
Helmugara heltzeko 9 kilometroren faltan, hau da, bigarren mailako Goiuriako igoeran, Muzicek eta De Jongek eraso gogorra jo dute. Kerbaol baino ez da abiatu haien atzetik, eta pare bat kilometro geroago lortu du haiekin bat egitea.
Bresteko txirrindulariak arriskatu egin du jaitsiera zailean (gainera, zorua oso bustita zegoen), eta tarte txiki bat zabaltzeko gai izan da. Durangoko kaleetan, abantaila horri eutsi dio, eta, hartara, bera izan da azkenean Ezkurdi plazan besoak altxatu dituena.
1 - KERBAOL Cédrine (CERATIZIT) 2:45:56
2 - MUZIC Évita (FDJ) +0:04
3 - DE JONG Thalita (Lotto Dstny) +0:05
4 - BRAND Lucinda (Lidl-Trek) +0:10
5 - AALERUD Katrine (Uno-X) +0:12
6 - MEIJERING Mareille (Movistar) d.b.
7 - BORGHESI Giada (BTC) +0:17
8 - RÜEGG Noemi (EF Education) +0:19
9 - BORGHESI Letizia (EF Education) d.b.
10 - SANTESTEBAN Ane (Laboral Kutxa) +1:03