Itxi

Txirrindularitza

OSASUN ARAZOAK

Ibai AzurmendiK (Euskaltel Euskadi) txirrindularitza utzi du "bihotz-arazoak" direla eta

EITB MEDIA

O Gran Camiño lasterketan parte hartzen ari zela, bizikletatik jaitsi behar izan zuen txirrindulari nafarrak. Ondoren egindako probetan atzemandakoarean arabera, ezingo du orain arteko mailan lehian jarraitu.

  • Ibai Azurmendi, Euskaltel Euskadiko txirrindularia

    Ibai Azurmendi, Euskaltel Euskadiko txirrindularia. EFE

Ibai Azurmendi Euskaltel-Euskadiko taldekideak txirrindularitza utziko duela iragarri du astelehen honetan, bihotz-arazoak direla eta, euskal taldeak eta kirolariak berak astelehen honetan ohar batean azaldu duenez.

Kirolari nafarrak errepidea utzi behar izan zuen O Gran Camióño lasterketa galiziarrean parte hartzen ari zela. Ondoren egindako proben arabera, ezin du "maila gorenean segurtasunez lehiatzen jarraitu".

Azurmendik (Leitza/Nafarroa, 1996-06-11) "arruntak ez ziren sintomak" sentitu zituen O Gran Camiño lasterketan, otsailean. Julen Ucin Euskaltel-Euskadiko sendagileak azaldutakoaren arabera, "Ibairi egindako proba osagarrietan ikusi dutenez, ez da segurua maila gorenean lehiatzen jarraitzea".

Horrenbestez, kirolariaren osasuna lehenetsita, Ibai Azurmendiren kirol ibilbidea bertan behera uztea erabaki dute.

Burunda Txirrindularitza Klubean hezi zen Azurmendi, eta Euskaltel utziko du, hamar urtez taldekide izan eta gero: lehen hirurak amateur gisa, eta 2018az gero, talde profesionalean.

Talde laranjak igorritako agur-gutun batean, Azurmendi "triste" agertu da erabakiagatik, nahiz eta zuzena dela azpimarratu.

"O Gran Camiñon ezohiko sintomak sentitu eta gero, hainbat proba eginda, maila gorenean segurtasunez lehiatzea uzten ez duten zenbait bihotz-alterazio ikusi genituen. Egoera aztertuta eta sendagilearen aholkuei jarraituz, nire ibilbide profesionala amaitzea erabaki dugu", kontatu du.

"Aste zailak" izan direla onartu du Azurmendik, "bai egindako probengatik, bai txirrindulari profesional gisa jarraitzeko ametsa itzaltzen" ikusteagatik.

Euskaltelek, bestetik, Azurmendiren ibilbidea "eredugarria" izan dela nabarmendu du, lehian zein hortik kanpo, taldekideen eta tropelaren errespetua eta miresmena lortuta.