Itxi

Txirrindularitza

Igandean, martxoaren 31n

2024ko Flandriako Itzuliaren profilak, ibilbideak eta ordutegiak

EITB MEDIA

Igandean, historian 21. aldiz jokatuko dute emakumezkoen lasterketa, eta 108. aldiz gizonezkoen proba. Lotte Kopecky eta Mathieu van der Poel munduko txapeldunak dira irabazteko faborito nagusiak. ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute, 12:00etatik aurrera.

  • 2024ko Flandriako Itzuliaren profila (gizonezkoen lasterketa). Irudia: rondevanvlaanderen.be.

    2024ko Flandriako Itzuliaren profila (gizonezkoen lasterketa). Irudia: rondevanvlaanderen.be.

2024ko Flandriako Itzulia igandean jokatuko dute, hilaren 31n, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Hain zuzen ere, zale flandriarrek aukera izango dute emakumezkoen 21. ekitaldiaz, eta gizonezkoen 108. lasterketaz. Denboraldiko probarik garrantzitsuenetakoa da, "monumentuak" izenekoetakoa; Flandriako Itzuliak punta-puntako palmaresa du eta tradizio ikaragarria, eta Euskal Herriko zaleek ere bizi ahal izango dute, zuzenean, ETBk eta eitb.eus-ek 12:00etatik aurrera emango duten emanaldiaren bidez (ETBn, 12:00etatik 15:00era ETB4n, eta, 15:00etatik aurrera, ETB1en).

Emakumezkoen 21. Flandriako Itzulia

Emakumezkoen lasterketa 13:25ean hasiko da, Belgikako Oudenaarde hirian, eta antolatzaileen aurreikuspena da 17:45 aldera amaitzea, hiri horretan bertan. Parte-hartzaileek 163 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.

Egungo errepideko munduko txapelduna den Lotte Kopecky belgikarrak, SD Worx taldekoa bera, azken bi urteotan eskuratu du garaipena, 2022an eta 2023an, eta aurten ere irabazteko faborito nagusia da. Kopeckyk, baina, izugarrizko mailako aurkariak izango ditu; horien artean, hauek nabarmenduko ditugu: Marlen Reusser, Demi Vollering eta Lorena Wiebes egungo munduko txapeldunaren taldekideak; Lidl-Trek taldeko Elisa Longo Borghini, Elisa Balsamo, Lucinda Brand, Elizabeth Deignan eta Shirin van Anrroij txirrindulariak, Marianne Vos eta Fem van Empel (Visma Leake a Bike), Canyon taldeko Katarzyna Niewiadoma, Zoe Backstedt eta Chloe Dygert, eta Silvia Persico eta Chiara Consonni, biak ala biak UAEkoak.

2024ko Emakumezkoen Flandriako Itzuliaren profila

2024ko Flandriako Itzuliaren profila. Irudia: rondevanvlaanderen.be.

2024ko Flandriako Itzuliaren profila. Irudia: rondevanvlaanderen.be.

Gizonezkoen 108. Flandriako Itzulia

Gizonezkoen lasterketa 10:00etan hasiko da, Anberesen (Belgika), eta aurreikuspena da 16:30 aldera bukatzea, Oudenaarden. 270,8 kilometroko ibilbidea du; horrek argi uzten du indartsuenentzako proba izango dela, urtero gertatzen denez.

Alpecin-Deceuninckeko Mathieu van der Poel herbeheretarra izan liteke horietako bat; egun, Van der Poel errepideko munduko txapelduna da, eta faborito nagusia da Flandriako Itzuliaren palmaresean Tadej Pogacarren oinordekoa izateko, kontuan izanik UAEko esloveniarrak ez duela parte hartuko aurtengo ekitaldian. Van der Poelek bi aldiz du irabazita Flandriako Itzulia, 2022an eta 202an, eta iaz bigarren postua eskuratu zuen. Alpecineko liderrak, hori gutxi balitz bezala, ez du izango Wout van Aert aurkari gisa, Visma Lease a Bike taldeko belgikarrak lepauztaia hautsita baitu, asteazkenean Flandrian Zehar lasterketan izandako erorikoaren ondorioz.

Dena dela, Van der Poelek beste hainbat txirrindulari bikainekin borrokatu beharko du. Hauek dira, besteak beste: Oier Lazkano (Movistar), Christophe Laporte, Matteo Jorgenson, Tiesj Benoot, Dylan van Baarle eta Jan Tratnik, (Visma), Mads Pedersen, azkenean irteteko moduan balego, Jasper Stuyven eta Toms Skujins (Lidl-Trek), Biniam Girmay, zalantzazkoa da hori ere, eta Mike Teunissen (Intermarche-Wanty), Matej Mohoric (Bahrain Victorious), Alberto Bettiol (EF Education-EasyPost), Tim Wellens (UAE), Arnaud De Lie (Lotto Dstny), Alexander Kristoff (Uno-X) eta Matteo Trentin (Tudor).

2024ko Gizonezkoen Flandriako Itzuliaren profila

2024ko Flandriako Itzuliaren profila. Irudia: rondevanvlaanderen.be.

2024ko Flandriako Itzuliaren profila. Irudia: rondevanvlaanderen.be.