Itxi

Txirrindularitza

2. etapa

Tadej Pogacarrek irabazi du Vallterren eta Kataluniako Itzuliko liderra da; Mikel Landa, bigarren postuan

EITB MEDIA

UAEko esloveniarrak etapa amaitzeko sei kilometro gelditzen zirela erasotu du, maila bereziko Vallter 2000n; garaipena lortu eta liderraren maillota jantzi du. Mikel Landa bigarren helmugaratu da, eta sailkapen nagusian toki horretan bertan dabil, Pogacarrekiko 1:35era.

  • Pogacarrek garaipen handia lortu du Vallterren. Argazkia: EFE.

    Pogacarrek garaipen handia lortu du Vallterren. Argazkia: EFE.

UAE Emirates taldeko Tadej Pogacar txirrindulari esloveniarrak irabazi du, asteartean, 2024ko Kataluniako Itzuliaren bigarren etapa, Vallter 2000 eski estazioan; izan ere, bertan amaitu da jardunaldia, maila bereziko igoera batean. Horrez gain, Pogacarrek sailkapen nagusiko lehen postua eskuratu eta liderraren maillota jantzi du. Soudal Quick-Step taldeko Mikel Landak etapa bikaina egin du eta bigarren tokian helmugaratu da, Pogacarrekiko 1:23ra; sailkapen nagusian, euskal ziklistak 1:35era du Pogacar, eta bigarren dabil.

Aurtengo Kataluniako Itzuliaren aurreneko mendiko etapan euria egin du, eta giro hotza izan da. Pogacarrek garaipen ederra lortu du. Helmugarako sei kilometro eta erdi gelditzen zirela jo du erasoa, eta segituan utzi du argi indartsu zebilela, etapa irabazteko moduan. Ondo baino hobeto eskuratu du.

Atzetik, Mikel Landa izan da taldetxoko onena. Murgiarra BORA-Hansgrohe taldeko Aleksandr Vlasovekin batera iritsi da azken metroetara, baina, azkenean, txirrindulari errusiarra ere utzi du atzea, eta bigarren sailkatu da. Vlasov sailkapen nagusiko hirugarren tokian da, Mikel Landak baino hiru segundo gehiago baliatuta.

Asteazkenean, 2024ko Kataluniako Itzuliak hirugarren etapa jarriko du jokoan. Hori ere izango da mendikoa, eta maila bereziko Port Aine mendatean amaituko da.

2. etapako sailkapena

1 - POGACAR Tadej (UAE) 4:52:37

2 – LANDA Mikel (Soudal) + 1:23

3 - VLASOV Aleksandr (BORA) + 1:24

4 - ALMEIDA Joao (UAE) + 1:38

5 - MARTINEZ Lenny (Groupama) + 1:43

6 - HARPER Chris (Jayco) + 1:44

7 - BERNAL Egan (INEOS) + 1:47

8 - MAS Enric (Movistar) + 1:49

9 - POELS Wout (Bahrain) + 2:03

10 - DÍAZ José Manuel (Burgos) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - POGACAR Tadej (UAE) 9:03:57

2 – LANDA Mikel (Soudal) + 1:35

3 - VLASOV Aleksandr (BORA) + 1:38

4 - ALMEIDA Joao (UAE) + 1:56

5 - MARTINEZ Lenny (Groupama) + 2:01

6 - HARPER Chris (Jayco) + 2:02

7 - BERNAL Egan (INEOS) m. t.

8 - MAS Enric (Movistar) + 2:07

9 - KUSS Sepp (Visma) + 2:21

10 - DÍAZ José Manuel (Burgos) d. b.