Txirrindularitza
Poitouko Tourrean
Samuel Sanchezek zaintiratua du lepauztaian
Erredakzioa
Euskalteleko txirrindulariak erorikoa izan du Poitouko Tourraren hirugarren etapan. Tropelaren buruan mugimendu arraro bat egon da, eta lurrera joan da asturiarra.
-
Samuel Sanchez. Argazkia: EFE
Samuel Sanchezek erorikoa izan du Poitouko Tourraren hirugarren etapan, eta zaintiratua du lepauztaian. Hala jakinarazi du Euskaltel Euskadik.
Lasterketako hasierako kilometroetan, mugimendu arraroa egon da tropelaren buruan, eta Samuel Sanchez lurrera erori da. Ondoren, ospitalera eraman dute, eta lepauztaian zainturatua duela baieztatu dute medikuek. Etxera itzultzen denean, beste froga batzuk egingo dizkiote, hausturarik daukan ikusteko.
Ustez, astebete eman beharko du geldirik Samuelek. Denboraldiari ondo ekin zion txirrindulari asturiarrak. Kataluniako Voltan etapa garaipena lortu zuen, eta bigarren izan zen sailkapen nagusian. Euskal Herriko Itzulian ere, sailkapen orokorreko bigarren postua bete zuen. Denboraldiaren erdialdetik aurrera, ordea, erorikoak izan dira protagonista. Dauphiné Libérén izandako erorikoak, Tourrerako prestaketa baldintzatu zion. Tourrean bertan, eroriko latza jasan zuen asturiarrak, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Erorketa horren ondorioz, ez zuen Olinpiar Jokoetan parte hartzeko modurik izan. Azken erorikoa, Poitouko Tourrean izan du.