Itxi

Txirrindularitza

Laugarren etapa

Tim Merlierrek bigarren garaipena lortu du Arabiar Emirerri Batuetako Tourrean; Vinek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Pello Bilbao bosgarren dabil, gaur ere, sailkapen nagusian, Vinerekiko 22 segundora. Osteguneko esprintean, Merlierrek, Soudal Quick-Step taldekoa bera, De Kleijn eta Kooij menderatu ditu.

  • Tim Merlierrek bi garaipen daramatza lasterketan. Argazkia: EFE (artxiboa).

    Tim Merlierrek bi garaipen daramatza lasterketan. Argazkia: EFE (artxiboa).

Soudal Quick-Step taldeko Tim Merlier txirrindulari belgikarrak irabazi du, ostegunean, esprintean, 2024ko Arabiar Emirerri Batuetako Tourreko laugarren etapa. Merlierrek, helmugako pankartapean, Arvid de Kleijn Tudor taldeko eta Olav Kooij Visma taldeko herbeheretarrak menderatu ditu; hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkatu dira, etapan. Hala, lasterketa amaitzeko hiru jardunaldi gelditzen direla, UAE Team taldeko Jay Vine ziklista australiarrak sailkapen nagusiko lider gisa jarraitzen du, eta Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) bosgarren dabil, beste egun batez.

Tim Merlierrek nagusitasunez irabazi du, osteguneko etapan; horrek 168 kilometroko ibilbidea izan du, eta Dubain jokatu dute. Soudaleko esprinterrak indar handia erakutsi du, eta lasterketan bigarren aldiz erdietsi du garaipena; denboraldian, lau garaipen ditu lortuta, dagoeneko.

Trantsizio etapa izan da probako laugarrena, eta esprintean erabaki dute irabazlea. Azken kilometroetan, Movistar, UAE eta DSM saiatu dira Gaviria, Molano eta Jakobsen, hurrenez hurren, lehenengo postuetan kokatzen; Merlierrek, baina , pazientzia izan du, eta Olav Kooijen gurpila harrapatu. Asmatu egin du, eta, aurrera egin duenean, ez die inolako aukerari eman gainerako aurkariei.

Sailkapen nagusian, Jay Vinek hamaika segundoko aldea du Decathlon Ag2r taldeko Ben O'Connor australiarrarekiko, eta hamahiru UAEko Brandon McNulty estatubatuarrarekiko.

Ostiralean, bosgarren etapa jokatuko dute. 182 kilometro izango ditu, eta Al Aqahn hasi eta Umm Al Quwainen amaituko da. Profila laua du, eta baliteke berriro ere esprinta izatea.

Laugarren etapako sailkapena

1 - MERLIER Tim (Soudal) 4:01:47

2 - DE KLEIJN Arvid (Tudor) d. b.

3 - KOOIJ Olav (Visma) d. b.

4 - ANIOLKOWSKI Stanislaw (Cofidis) d. b.

5 - MARECZKO Jakub (Corratec) d. b.

6 - JAKOBSEN Fabio (DSM) d. b.

7 - VAN DE PAAR Jarne (Lotto) d. b.

8 - BAUHAUS Phil (Bahrain) d. b.

9 - GAVIRIA Fernando (Movistar) d. b.

10 - KOGUT Oded (Israel) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - VINE Jay (UAE) 11:41:31

2 - O'CONNOR Ben (Decathlon AG2R) + 0:11

3 - MCNULTY Brandon (UAE) + 0:13

4 - VAN WILDER Ilan (Soudal)  + 0:21

5 - BILBAO Pello (Bahrain)  + 0:22

6 - POOLE Max (Team dsm)  + 0:31

7 - FOSS Tobias (INEOS) + 0:33

8 - CARR Simon (EF Education) + 0:36

9 - BJERG Mikkel (UAE) + 0:37

10 - VALTER Attila (Team Visma) + 0:39