Itxi

Txirrindularitza

Iragarpena

Euskaltel-Euskadik kontratua berritu die Materi, Azurmendiri eta Cuadradori, Iker Bonilla fitxatzeaz gain

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Lau nobedade horien iragarpenarekin, talde laranjak 16 txirrindulari baieztatu ditu 2024. urteko denboraldirako.

  • Mate, Azurmendi, Cuadrado eta Bonilla. Irudia: Euskaltel-Euskadi

    Mate, Azurmendi, Cuadrado eta Bonilla. Irudia: Euskaltel-Euskadi

Luis Angel Matek, Ibai Azurmendik eta Unai Cuadradok Euskaltel-Euskadik jarraituko dute datorren denboraldian, talde laranjak asteazken honetan iragarri duenez. Horrez gain, Iker Bonillo fitxatu duela ere baieztatu du, Italiako Green Project-Bardiani ekipotik.

Lau nobedade horiekin, talde laranjak 16 txirrindulari baieztatu ditu 2024. urteko denboraldirako.

Bonillo ez ezik, Jon Aberasturi (Lidl-Trek), Xavier Cañellas (Hiper Europa) eta Víctor de la Parte (TotalEnergies) ere fitxatu ditu datorren denboraldirako Euskaltel-Euskadik. Halaber, Nicolas Alustiza, Iker Mintegi eta Unai Zubeldia lehen taldera eraman dituzte Laboral Kutxa filialetik.

Berrikuntzei dagokienez, berriz, Matek, Azurmendik eta Cuadradok bat egin dute Mikel Bizkarra, Joan Bou, Asier Etxeberria, Xabier Isasa, Mikel Iturria eta Gotzon Martin txirrindularien kontratu berritzeekin.

Matek 40 urte beteko ditu 20124ko martxoan, eta 17. denboraldia beteko du profesional gisa. Aurten, Euskaltelek 2023an lortutako bi garaipenetako bat eskuratu zuen Portugalgo Itzulian. "Garrantzitsua bezain pozgarria da niretzat kontratua berritzea, proiektuarekin eta taldearekin erabat identifikatuta sentitzen bainaiz", azpimarratu du Matek.

Bonillo, bestetik, Italian bi urtez profesional gisa lan egin ondoren dator Euskaltelera, 2021ean jubenil nabarmenenetakoa izanik. Jorge Azanza talde laranjako kirol arduradunaren aburuz, "Gurekin hazten jarrai dezan bilatzen dugun profiletako bat da Iker. Txirrindulari azkarra eta etorkizun handikoa da, eta blokeari gaztetasuna zein kalitatea emango dio".