Txirrindularitza
2023ko denboraldia
Demi Volleringek eta Jonas Vingegaardek irabazi dute 2023ko Urrezko Bizikleta
EITB MEDIA
SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra eta Jumbo-Vismako ziklista danimarkarra nabarmendu dituzte, hala, amaitu berri den denboraldiko onenak bezala. Halaber, Lotte Kopeckyk eta Mathieu van der Poelek irabazi dute klasikoetan onenak izan direnentzako saria.
-
Demi Vollering, Romandiako Itzulian. Argazkia: EFE.
SD Worx taldeko Demi Vollering txirrindulari herbeheretarrak eta Jumbo-Vismako Jonas Vingegaard ziklista danimarkarrak irabazi dute, asteartean, 2023ko denboraldiko Urrezko Bizikleta. Golardoa Velo Magazine aldizkari espezializatuak ematen die urteko txirrindularirik onenei, urtero, 2022an lehenengoz emakumezko txirrindularitzan eta 1992tik gizonezko txirrindularitzan; aurrenekoz irabazi dute Volleringek eta Vingegaardek, eta, hurrenez hurren, Annemiek van Vleutenen eta Remco Evenepoelen lekukoak hartu dituzte. Gainera, historian lehen aldiz, Eddy Merckx saria ere eman dute, denboraldian lasterketa klasikoetan ondoen ibili diren ziklistentzat, eta hori SD Worx taldeko Lotte Kopecky belgikarrak eta Alpecin-Deceuninckeko Mathieu van der Poel herbeheretarrak erdietsi dute.
Testuinguru horretan, Demi Vollering, 2023an, besteak beste, gailendu da Frantziako Tourraren azken sailkapen nagusian, Amstel Gold Racen, Flèche Wallonnen, Lieja-Bastogne-Liejan, Burgosko Itzulian eta Romandiako Itzulian. Lotte Kopeckyk, ordea, Munduko Txapelketa eskuratu du, Glasgown, eta Fladriako Itzulia.
Jonas Vingegaardek, bestalde, Frantziako Tourra, Euskal Herriko Itzulia eta Dauphiné Libéré Kriteriuma bereganatu ditu, eta Espainiako Vueltan bigarren egin du. Van der Poel Eddy Merckx sariaren irabazleak Munduko Txapelketa lortu du.
Jonas Vingegaard. Argazkia: EFE.