Txirrindularitza
Igandean, urriaren 8an
2023ko Paris-Tours lasterketaren ibilbidea, profila eta ordutegia
EITB MEDIA
Arnaud Demare Arkea Samsic taldeko frantziarra, 2021eko eta 2022ko irabazlea bera, elkarren segidako hirugarren garaipena eskuratzen saiatuko da; Jumbo-Vismako Christophe Laporte du aurkari nagusiena. EITBk zuzenean emango du proba, eitb.eus-en eta ETB1en.
-
2023ko Paris-Tours lasterketaren profila. Argazkia: paris-tours.fr.
2023ko Paris-Tours lasterketa igandean jokatuko dute, hau da, urriaren 8an. 214 kilometroko ibilbidea du, laua oro har, eta historian 117. aldiz egingo dute. Arkea Samsic taldeko Arnaud Demare txirrindulari frantziarra da garaipena eskuratzeko faborito nagusia, bereziki kontuan izanik 2021ean eta 2022an ere erdietsi zuela Demarek proba honetan gailentzea, baina beste izen handi batzuk gehiago ere badaude, Jumbo-Vismako Christophe Laporte frantziarra kasu; azken hori da Demareren hirugarren garaipena eragozteko hautagai nagusiena. Kern Pharma taldea izango da irteeran, eta EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, zuzenean emango du proba, 15:30etik.
Irteera 11:45ean izango da, Eure eta Loiren, eta garailea 16:40tik 17:08ra bitartean helmugaratuko da, Toursen, antolatzaileen aurreikuspenaren arabera. Arestian esan bezala, ibilbidea laua da, baina nabarmendu beharra dago parte-hartzaileek, jardunaldiko bigarren zatian, hainbat kota igo beharko dituztela; horrek lasterketa gogortuko du, eta baliteke esprint handia galaraztea. Hauek dira kota horiek: Limeray, 146,5. kilometroan, Goguenne, 163,3.ean, Bois de Chancay, 170,2.ean, La Vallee du Bau, 180,8. kilometroan, La Rochere, handik bost kilometrora, La Vallee Chartier, 191,3.ean, Vouvray, 196,7. kilometroan, eta Rochecorbon, 203,4. kilometroan, helmugarako hamar kilometro geldituko direla.
Irabazteko aukerak dituzten txirrindularien zerrendan, Demare eta Laporte kokatu ahal ditugu goian, baina ziklista hauek ere dira egotekoak: Arnaud De Lie (Lotto Dstny), Kaden Groves eta Soren Kragh Andersen (Alpecin-Deceuninck), Rasmus Tiller eta Soren Waerenskjold (Uno-X), Bryan Coquard (Cofidis) eta Jordi Meeus eta Danny van Poppel (BORA-Hansgrohe). Amaitu aurretik, esan beharra dago txirrindulari handi baten azken lasterketa izango dela; AG2R taldeko Greg Van Avermaetek, 2016ko txapeldun olinpiar txapelduna bera, Toursen bertan utziko du txirrindularitza profesionala. Hain zuzen ere, belgikarrak badu proba hau palmaresean, 2011n garaipena eskuratu baitzuen.
EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, zuzenean emango du 2023ko Paris-Tours lasterketa, emanaldia 15:30ean hasita.
2023ko PARIS-TOURS LASTERKETAREN PROFILA