Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Laboral Kutxak Eri Yanomine fitxatu du datorren deboraldirako

EITB MEDIA

Hamabi aldiz japoniako txapelduna izateaz gain, esperientzia zabala du txirrindularitzan. Ane Santestebani laguntzera dator Euskal Herrira.

  • Eri Yonamine, Laboral Kutxa Team

    Eri Yonamine, Laboral Kutxa Team

Eri Yonaminek (1991, Osaka, Japonia) Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioan arituko da 2024ko denboraldian, ostegun honetan taldeak jakinarazi duenez. Hamabi aldiz izan da txapeldun Japonian, esperientzia handia izateaz gain. Ane Santestebani laguntzera dator Euskal Herrira.

Laboral Kutxaren xedea World Tourreko taldea izatea denez, korrikalari japoniarraren parte hartzea oso garrantzitsua da ekipoa maila goreneko lasterketetan gidatzeko. Seigarren fitxaketa du euskal taldeak, orain arte Cristina Tonetti, Laura Tomasi, Ane Santesteban, Catalina Soto eta Jessenia Meneses gehitu baititu.

Yonamine maila gorenean lehiatzen ari da Europan 2016az gero. Azken bi denboraldiak World Tourreko Human Powered Health taldean egin ditu; hori dela eta, munduko egutegiko lasterketa handietan hartu du parte. Horrez gain, Rio 2016 eta Tokio 2020 Olinpiar Jokoetan ere izan zen. 2024an Parisera joatea du amets, eta Laboral Kutxaren babesa izango du horretarako.

Eri Yonamine: "Euskadi Fundazioa historia handiko egitura da, eta Laboral Kutxa taldearekin bat egitea da nire kirol ibilbidearen gailurra. Txirrindulari langilea naiz eta taldeburuen esanetara nago. Horregatik, nire esperientziaren zati handi bat eskainiko diet gazteei, ahal dudan guztia egingo dut haiei eta Aneren garaipenei laguntzeko. Hori da nire lehentasuna. Batez ere, taldeari eskerrak eman nahi dizkiot ni aukeratzeagatik eta nigan konfiantza izateagatik".

Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko kirol arduradunaren esanetan, "lehen mailako lasterketetan duen esperientzia nabarmendu behar da. Horregatik, ziur nago esperientzia eta heldutasun handia ekarriko dizkiola taldeari. Ideia argiekin dator taldera, hasieratik gustatu zait hori, eta berarekin lanean hasteko irrikan nago".

Palmaresari dagokionez, Yonamine Japoniako txapeldun izan da hamabi aldiz, azkena aurten; iaz, bigarren izan zen Tour Pyrénées Itzulian eta 19. Espainiako Bueltan.