Txirrindularitza
Espainiako Vuelta
Vingegaardek irabazi du Bejesen, eta 29 segundora du maillot gorria; Sepp Kussek lider jarraitzen du
EITB MEDIA
Jumbo-Vismako txirrindulari danimarkarrak astearteko etapako azken kilometroetan izandako mendatean jo du erasoa, lau kilometro gelditzen zirela, eta, minutu bat eta 15 segundoko aldea lortu du Kussekiko. Vingegaardek, horrenbestez, bi etapa ditu irabazita 2023ko Espainiako Vueltan.
Jumbo-Visma taldeko Jonas Vingegaard txirrindulari danimarkarrak irabazi du 2023ko Espainiako Vueltako hamaseigarren etapa, Bejes mendatean amaitu dena, asteartean, eta, hala, sailkapen nagusiko bigarren postuan jarri da, Primoz Roglic taldekideari aurrea hartuta. Sepp Kuss Jumbo-Vismako estatubatuarrak lider jarraitzen du, baina Vingegaardek 29 segundora du orain maillot gorria.
Historian lehen aldiz igo dute Espainiako Vueltan Bejes mendatea, eta igoera ikusgarria izan da. Vingegaardek erasoa jo duenean, indartsuenen taldeak kilometro bat zuen eginda 2. mailako mendate horretan, eta 2022ko eta 2023ko Frantziako Tourraren irabazleak Sepp Kussek baino minutu bat eta bost segundo gutxiago behar izan ditu etapa amaitzeko. Helmugan, gainera, hamar segundoko saria eskuratu duenez, orain 29 segundora du sailkapen nagusiko aurreneko tokia, eta oraindik egun gogorrak ditu aurretik; asteazkeneko etapa, esaterako, Anglirun amaituko da.
Azken kilometroetan Bejes igotzen hasi aurretik, ibilbidean ez zegoen beste mendate puntuagarririk. Erritmoa bizi-bizia izan da egun osoan zehar, eta ihesaldia sortzeko ahaleginak bata bestearen atzean izan dira, etengabe; begi-bistakoa zen txirrindulariek, atseden egunaren biharamunean, indarrez beteta zeudela, anbizio handiz.
Hala, Mattia Cattaneo (Soudal Quick-Step), Kaden Groves (Alpecin-Deceuninck), Julius van den Berg (EF Education-EasyPost), Nicolas Prodhomme (AG2R Citroen), Max Poole (DSM-Firmenich) eta Joel Nicolau (Caja Rural-Seguros RGA) zeuden aurretik, etapa amaitzeko 30 bat kilometro falta zirenean, eta minutu eta erdiko aldea zuten tropelarekiko. Jumbo-Visma zebilen tropel buruan, eta ematen zuen liderraren taldeak erabat kontrolpean zuela ihesaldia. Unqueran, Grovesek irabazi du tarteko esprinta, eta bera geratu da atzean gainerako ziklistak baino lehenago. Helmugarako hamar kilometro falta zirenean harrapatu ditu tropelak gainerakoak.
Sailkapen nagusiko lehian dauden txirrindularien txanda iritsi da orduan, eta Jonas Vingegaard izan da horietako onena. Bikain jo du aurrera, ausart, eta merezi izan du helmugan lortutako garaipena.
Jumbo-Vismak lasterketa kontrolatzen jarraitzen du, eta hiru txirrindulari ditu aurreneko hiru postuetan, baina baliteke Bejesen jazotakoak aldatzea Herbehereetako taldearen ikuspegia; izan ere, badirudi Vingegaard gero eta hobeto dabilela, eta Kuss, aldiz, nahiz eta maila oso ona eman duen, ez da horren sendo ibili astearteko etapan.
Mikel Landak (Bahrain-Victorious) zazpigarren jarraitzen du; Bejesen, Kussekin batera helmugaratu da murgiarra. Orain, Espainiako Vuelta Asturiasen izango da, bi egunez; aurrenekoan, asteazkenean, Angliru mitikoa igo beharko dute txirrindulariek.
ETAPAKO SAILKAPENA
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 2:38:23
2 - FISHER-BLACK Finn (UAE) +0:43
3 - POELS Wout (Bahrain) +0:49
4 - STORER Michael (Groupama) +0:55
5 - AYUSO Juan (UAE) +1:01
6 - MAS Enric (Movistar) d.b.
7 - VLASOV Aleksandr (BORA) d.b.
8 - ROGLIC Primoz (Jumbo) d.b.
9 - LANDA Mikel (Bahrain) +1:05
10 - KUSS Sepp (Jumbo) d.b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1 - KUSS Sepp (Jumbo) 57:18:10
2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:29
3 - ROGLIC Primoz (Jumbo) +1:33
4 - AYUSO Juan (UAE) +2:33
5 - MAS Enric (Movistar) +3:02
6 - SOLER Marc (UAE) +3:28
7 - LANDA Mikel (Bahrain) +4:12
8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +4:58
9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +5:38
10 - ALMEIDA Joao (UAE) +8:43