Txirrindularitza
Osteguna, irailak 14
Espainiako Vueltako 18. etaparen profila eta ibilbidea: Pola de Allande-La Cruz de Linares (179 km)
EITB MEDIA
Lasterketa amaieratik oso gertu dago, eta eguna, beste behin, erabakigarria izan liteke. Etapa 1. mailako mendate batean bukatuko da, La Cruz de Linaresen, eta bi aldiz igo beharko dute hori; aurretik beste hiru mendate gainditu beharko dituzte.
-
Espainiako Vueltaren 18. etaparen profila. Argazkia: lavuelta.es.
2023ko Espainiako Vueltako hamazortzigarren etapa irailaren 14an jokatuko dute, txirrindulariak lasterketaren zati erabakigarrian bete-betean sartuta direnean. 179 kilometroko ibilbidea du, eta Pola de Allanden hasi, eta La Cruz de Linaresen amaituko da, Asturiasen.
Txirrindulariek bost mendate puntuagarri igo beharko dituzte, eta horietako bat, La Cruz de Linares, 1. mailakoa, bi aldiz igo beharko dute, bigarrena etapako azken kilometroetan. Aurrenekoz ibiliko da Espainiako Vuelta 8,3 kilometro eta batez beste % 8,6ko maldak dituen mendate horretan. Ziur aski, lasterketako indartsuenek jarriko dute erritmoa bertan, igoera gogorra baita eta aurreko egunetako etapek neke handia eragin dutelako tropelean.
La Cruz de Linares lehen aldiz igo aurretik, beste hauek igoko ditute txirrindulariek: Las Estacas (2. mailakoa), San Lorenzo (1. mailakoa; ia 10 kilometro eta batez beste % 8,6ko maldak ditu) eta Tenebredo (3. mailakoa).
Ikuskizun polita espero da gaur, eta Madrilen Jumboko zein txirrindularik altxatuko dituen besoak ikusteko unea izan daiteke. Izan ere, Sepp Kuss liderrak 8 segundo baino ez dizkio ateratzen Jonas Vingegaardi Angliruko etaparen ostean. Primoz Roglicek lortu zuen garaipena bertan, eta hirugarren dago, minutu batera. Mikel Landak, bere aldetik, lan bikaina egin zuen Anglirun, eta bosgarren postura egin zuen jauzi.
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 18. etapa (irailak 14, osteguna)
Ibilbidea: Pola de Allande-La Cruz de Linares
Distantzia: 179 km
Irteera ordua: 12:47
Iritsiera ordua: 17:16 (41 km/h) | 17:30 (39 km/h) | 17:45 (37 km/h)
Mendiko saria: Las Estacas (2. maila), 48,8. kilometroan; San Lorenzo (1. maila), 88,6. kilometroan; Tenebredo (3. maila), 121,2. kilometroan; La Cruz de Linares (1. maila), 153,9. kilometroan; La Cruz de Linares (1. maila), 178,9. kilometroan.